Skip to main content

Izaskun Landaida, Emakunde: 'Inoiz baino beharrezkoagoa da gazteekin berdintasunaz hitz egitea'

Elkarrizketa

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Berdintasun Legearen aldaketa ezinbestekoa dela azpimarratu du Izaskunek, hala, berdintasunaren esparrua sendotzea eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean prebentzioa eta arreta hobetzea beharrezkoa dela, "indarkeriarik gabeko gizarte bat nahi badugu, berdintasunean aurrera egin behar da" azaldu du.

Egiturazko arazo bat dela argi utzi du, eta arazoa ondo ulertzea eta prebentzioan lan egitea beharrezkoa dela. Horretarako, 'Beldur Barik' edo 'Nahiko' programak eskaintzen dituzte gazteentzat. Landaidak adierazi duenez, gaur egun, berdintasun jarreren inguruan gazteekin hitz egitea "inoiz baino beharrezkoagoa " da, eta horretarako, ezinbestekoa da tresnak euren eskura jartzea.

Lan eremura begira jarrita ere, enpresetan berdintasun planen eta prebentzio neurrien garrantzia azaleratu du. Halaber, enpresa guztiek halako plan bat izango balute zentsu askotan hobetuko luketela, "bertan lan egiten dutenentzako onurak ekartzen ditu, baita, etekin ekonomikoak".

Ildo honetan, soldata arrakala ere oso agerikoa da. Etorkizunera begira ere ondorioak dituena; erretiroa hartzerako orduan, esaterako. Gobernu mailan soldata arrakalaren kontrako estrategia martxan jarrita, orain, ekintza plan berria egiten ari direla adierazi du Landaidak, eta bide horretan, helburua, emakumeen autonomia ekonomikoa bermatzea dela, izan ere, pentsioetan ematen den arrakala, bizitza osoan bizitako desberdintasunen isla dela esan du.