Skip to main content

Izortze Santin: "Txertaketa kanpaina kaotikoa izan da Hego Euskal Herrian"

Elkarrizketa

Izortze Santin EHUko irakasle eta ikerlaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. "Oso egoera larria" dela dio Santinek, eta egoerak "okerrera" egingo duela azpimarratu du. Hain zuzen, salatu du egoera larria zela Aste Santuan, baina hala ere, ez zituztela neurri murriztatatzaileak hartu.

Hala eta guztiz ere, azpimarratu du neurri murriztatzaileez gain, bestelako neurriak ere hartu beharko lituzketela Gobernuek, eta telelana bultzatzea, unibertsitateetan irakaskuntza telematikoa bultzatzea edota kontaktuen arakatze sistema hobetzeko inbertsio ekonomikoa handitzea aipatu ditu, besteak beste. Hain zuzen, nabarmendu du "akats handia" egiten ari direla kontaktu estuen definizioarekin. Zehaztu duenez, gaur egungo protokoloaren arabera, ez da kontaktu zuzentzat hartzen maskarilla jantzita denbora luzez egon diren pertsonak, eta, bere iritziz, kontuan hartu behar da maskarilla "ez dela %100 eraginkorra". Zentzu horretan, protokoloa aldatu behar dela dio. Era berean, hainbat herrialdetan egin duten gisan, herritarrei test antigenoak banatzea ideia ona izango litzatekeela dio, "osasun pubilkoaren ikuspegitik".

Uda hizpide hartuta, nabarmendu du neurri murriztaileagoak hartzea ezinbestekoa dela: "Uda honetara iaz baino egoera larriagoa iritsiko gara; beraz, neurri murriztaileagoak hartu ezean, etorriko den kasu kopuruen igoera oso handia izan daiteke", zehaztu du. Bide horretan, azaldu du ikusi beharko dela epaitegiek zein posizioa hartzen duten udara bitarte, eta baita Espaniako Gobernuak alarma egoera luzatzen duen edo ez.

Ikerlariak "kaotikotzat" jo du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako txertaketa-kanpaina, eta planifikazio falta salatu du. Txertoen inguruko konfiantza faltaz hitz egin du Santinek, eta nabarmendu du txerto honekin txertatzeak dituen onurak handiagoak direla arriskuak baino. Era berean, gauzak ondo azaltzearen eta komunikatzearen garrantzia azpimarratu du. Zentzu horretan, nabarmendu du gaur egun, txertoak direla erabiltzen diren medikamentu "kontrolatuenak", jende osasuntsuari jartzen zaizkiolako. Hori horrela, Santinek azpimarratu du Astrazenecaren lehen dosia jaso dutenei, txerto horren bigarren dosia ematea litzatekeela "logikoena".

Era berean, azpimarratu du txertoek "funtzionatu" egiten dutela, eta horren isla dela erresidentzietako egoera: "Urtarrilarean 800 pertsona hil ziren erresidentzietan, eta aurreko astean 2 baino ez; hori da proba", zehaztu du. Era berean, nabarmendu du ezinbestekoa dela txertoak munduko herrialde guztietara ailegatzea, bai elkartasunagatik, baina baita ikuspuntu berekoi batetik ere: "Hori egin ezean, birusak aldaerak sortuko ditu, eta hori kaltegarria izan daiteke denontzat".

Azkenik, zientziaren garrantzia azpimarratu du ikerlariak, eta gehiago inbertitu behar dela dio: "Horrek eragina izango duelako gero jendartearen ongizatean".