Skip to main content

Jabi Asurmendi, Udalbiltza: "Oso harreman politak sortu dira sortzaileen eta herrien artean"

Elkarrizketa

Udalbiltzak abian jarritako egitasmoa da Geuretik Sortuak ekimena, eta euskal kulturgintzari buruz hausnartzeko abiatutako prozesu baten ondoren jarri zen martxan. Pandemiak eten egin zuen, nolabait, prozesu hori, baina Asurmendik nabarmendu du izurrite horretan are argiago ikusi zutela beharrezkoa zela horrelako egitasmo bat.

Asurmendiren hitzetan, egitasmoaren helburua da euskarazko kultura eta euskaraz sortzen duten sortzaileei laguntzea: “Kultura beharrezkoa da guk geure kontakizuna egiteko, eta euskarazko sorkuntza, eta beraz, hizkuntza sustatzeko. Kulturak gizarte bezala elikatzen gaitu, eta behar dugu kulturak eskaintzen digun arlo sentikorra”.

Geuretik Sortuak egitasmoaren 1. edizioaren balorazio positiboa egin zuten herriek, sortzaileek eta Udalbiltzako kideek. Martxan da dagoeneko 2. edizioa, eta bertan parte hartuko duten herri eta sortzaileak lotu dituzte dagoeneko; hori horrela, zazpi eleberri motz –denak liburu bakar batean argitaratuko dira-, lau film labur, hiru antzezlan eta sei komiki egingo dituzte. Sortzaile horietako batzuk hasi dira egonaldi artistikoak egiten: “Lotura politak sortzen direla sortzaileen eta herritarren artean, eta sortzaileei herrialde edo testuinguru ezberdina ezagutzeko aukera ematen die horrek”.

Egonaldi artistiko horien ondoren, sorkuntza horien hedapen fasea iritsiko da, eta aurten herriek zirkuitu osoa edo erdia eskaini ahal izango dute. Asurmendik azpimarratu du egitasmoaren ateak irekita daudela betan parte hartu nahi duten eragile eta instituzio guztientzat, eta instituzio publikoei deia egin die euskarazko kultura bultzatzeko inbertsioak egin ditzaten.