Skip to main content

Maddalen Iriarte, EH Bildu: "Osakidetzak gobernantza transbertsala behar du, beste gestio mota bat"

Elkarrizketa

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Osakidetzako egoera izan du hizpide, eta nabarmendu du “eraldaketa” eta “errotiko aldaketak” behar direla Osasungintza benetan publikoa izan dadin. Era berean, gehitu du Donostialdeko ESIko zerbitzuburuekin gertatutakoa Osakidetzaren egoeraren beste “sintoma” bat dela, eta Osakidetzak “gobernantza transbertsalagoa” behar duela, “profesionalek diotenean arreta jarriko duena”.

Hezkuntza Legea ere izan du hizpide, eta azpimarratu du EH Bildu “berme” izango dela Hezkuntza Itunean jasotakoa lege bihurtzeko.

Energia berriztagarriei lotutako proiektuak ere izan du hizpide, eta Iriartek salatu du duela bi urte egin behar zuela Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarriekin lotutako plan sektoriala, eta orain esan duela beste bi urte beharko direla horretarako. Hori horrela, dio “urte askotako atzerapena” duen prozesua “ordenarik gabe” egiten ari dela Eusko Jaurlaritza.

Ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzea “ezinbestekotzat” jo du kasu horien “kontrola” egiteko eta jendarte “demokratikoagoa” sortzeko. Era berean, nabarmendu du EH Bildu “kooperaziorako” prest dagoela Eusko Jaurlaritzarekin, baina horretarako beste gobernantza eredu bat behar dela dio.

Gipuzkoako ahaldungai izateko erronka “ilusioz eta anbizioz” hartu duela adierazi du Iriartek, eta nabarmendu du “kezkatuta” dagoela Gipuzkoako industriaren egoerarekin: “14.000 lanpostu inguru galdu dira eta industriak behar dituen erronkei erantzuteko transformazioan inbertsio publikoa ezinbestekoa izango da”.