Skip to main content

Malen Dominguez: "Euskal herritarren gehiengo batek bere etorkizun politikoaz erabaki nahi du"

Elkarrizketa

Malen Dominguez Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Naziometroa inkestaren ondorioak izan ditu hizpide, eta azpimarratu du Euskal Herrian badagoela populazioaren zati “handi” bat “bere etorkizun politikoaren gainean erabaki” nahi duena.

Bosgarren neurketa izan da honakoa, eta Dominguezek azaldu du 1.600 pertsona inkestatu dituztela, 1.200 internet bidez eta 400 inguru telefonoz: “Gure jendartea ulertu nahi badugu jakin behar dugu zer bilakaera duen gure herritarren nahiek", nabarmendu du. Hori horrela, inkesta horren bidez ondorioztatu dute independentzia eta euskal estatu terminoek pertzepzio ezberdina eragiten dutela herritarrengan: “Euskal estatuaz hitz egiten denean, segurtasun bat, edo ondo antolatutako sistema bat ikusten dute herritarrek, berme bat ematen die herritarrei; independentzia, ordea, bat-bateko zerbaiten gisa ikusten dute”.

Dominguezen esanetan, aurreko neurketarekin alderatuta, aldatu egin da herritarrek nahiago duten estatu eredua: “Orain arte gailentzen zen iritzia zen autonomia erkidegoei erabakitzeko eskubidea eman behar zien estatu eredua; orain, ordea, jendartearen lehen aukera da autonomia erkidegoei eskumen edo konpetentzia gehiago ematearen aldekoa; zentzu horretan, joera autonomistagoa ikusten da”. Osasungintzaz ere galdetu dute, besteak beste, eta Dominguezek azpimarratu du erantzun dutenen erdiek baino gehiagok adierazi dutela Osasungintzan euskaraz artatua izateko eskubidea bermatu behar zaiela herritarrei.

Dominguezek azpimarratu du izaera nazionala duela inkesta honek, Euskal Herria bere osotasunean hartzen duela, eta herritarren burujabetza nahia jakiteko neurketa bakarrenetakoa dela: “Kalean dagoen behar bati erantzuten dio, ikerketak egiteko, politika egiteko…” Horrez gain, gehitu du Txillardegi gogoeta gunea jarri dutela martxan hizkuntza politikaz hausnartzeko eta egungo egoeraren analisia egiteko: “Tailer edo mintegi batzuk antolatzeko asmoa dugu: hizkuntza politika zer den, zein oinarri izango dituen, nola egiten den hizkuntza politika…”