Skip to main content

Mikel Kolomo, EH Bildu: "EH Bildu Lizarrarako zein Nafarroarako determinantea izango da"

Elkarrizketa

Mikel Kolomo Gurbindo EH Bilduko Lizarrako alkategaia elkarrizektatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, bi eredu “kontrajarri” daude jokoan maiatzaren 28ko hauteskundeetan, eta nabarmendu du “ezkerreko perspektibatik eraikiko den gobernua izango dela pertsonak eta beren arazoak zentroan jarriko dituena”. Kolomok adierazi du Lizarran “hamaika kolore” daudela, eta EH Bildu dela aniztasun hori hobekien bidera dezakeena.

Kolomok azpimarratu du azken lau urteetan lortu dutela herritarrak entzunak sentitzea, eta gehitu du honako ardatz nagusiak dituela bere programak: klima larrialdiari aurre egitea, pertsonak erdigunean jarriko dituen politikak garatzea, harrera hiria izatea eta aktibazio sozio-ekonomikoa. Era berean, lehentasuntzat jo du osasun etxea eta eguneko zentroa sortzea, eta zentzu horretan, “zaintza sistema eredu publikoranzko” urratsak emango dituztela azpimarratu du.

Kolomok azpimarratu du ezinbestekoa dela herritarren parte hartzea eta herritar aktiboak sortzea, eta azken urteetan martxan jarritako parte hartze prozesuak balioetsi ditu: “Aurrekontu parte hartzaileak jarri ditugu martxan, herritarrek urtean 3-4 aldiz alkatearekin eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko aukera dute, auzoetako kontseiluak sortu dira…”.

Kolomok ezinbestekotzat jo du Lizarran ezkerreko gobernu bat izatea, eta azpimarratu du EH Bildu dela gobernu hori lideratu dezakeena, eta gehitu du bere alderdia “determinantea” izango dela Lizarrarako zein Nafarroarako.