Skip to main content

Miren Agur Meabe: "Poesiak ez du mundua aldatuko, baina eragina izan dezake irakurlearengan"

Elkarrizketa

Miren Agur Meabe idazleak Susak argitaratutako 'Nola gorde errautsa kolkoan’ liburuagatik Espainiako Poesia Saria irabazi du. Azken hamarkadan idatzitako poemak biltzen dituen liburua da. Alde batetik, poza sentitu duela azaldu du, "egindako lana beste lan batzuetan zehar egindako lanaren aitortza delako". Bestetik, "harrotasunez" bizi du saria, Euskal Herriari eta euskal kulturari ekar dakiokeen ikusgarritasunagatik.

Hamar urte igaro dira obra horretako poema zaharrenetik berrienera arte. Lan handia izan du idazleak liburuarekin, hamar urteko lana eta hamar urteko bizipenak islatu baititu bertan. Hori horrela, poesia bere burua ezagutzeko tresna dela esan du.

Gai ugari biltzen dituen poesia liburua da, sei ataletan egituratuta: "Liburuan aniztasun handia dago bai forma eta tematika aldetik". Liburuak bere iragana izateaz gai, belaunaldi baten "memoria" ere biltzen duela gehitu du: "Hein handi batean, memoria liburua ere bada". Berebat, liburu zaindua dela adierazi du, bai forma aldetik zein estetikoki: "Idazleon ardura da hizkuntzaren funtzio estetikoa betetzea".

Poema liburua idazteko prozesuan zehar ere gazteentzako nobela bat idazten aritu da, eta aurten argitaratu du liburua: 'Itsasoaren atea'. Berarentzat oso liburua berezia dela azpimarratu du, liburua "aitzakia izan delako garai hauetan bizi izan duen ezjakintasunaren aurrean ihesbide bat aurkitzeko".