Skip to main content

Miren Basaras: "Txertaketa lehenetsi behar da, baina oporrak galdu gabe"

Elkarrizketa

Miren Basaras mikrobiologoa elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid19ak eragindako pandemiaren egoera izan dugu hizpide, eta adierazi du positiboen kasuen kopurua "poliki-poliki" jaixten ari dela. Horrekin batera, intzidentzia metatua ere jaixten ari dela nabarmendu du, eta horrek eragina duela ospitalizazioetan eta ZIUetan ere. "Itxaropena" izan behar dela dio, baina adi egoten jarraitzeko deia egin du, "birusa erraz transmititzen ari delako".

Erresuma Batuan zabaltzen ari den delta aldaera izan du hizpide, eta nabarmendu du ikerketa batzuk ondorioztatu dutela %60 kutsagarriagoa dela. Era berean, adierazi du txertoek aldaera horrekiko duten eraginkortasuna ez dela hain altua, bereziki lehenengo dosia soilik jasota dutenek; hala ere, azaldu du eraginkortasun hori handitu egiten dela txertoaren pauta beteta dutenen artean.

Txertaketa kanpainaren abiadura azkartzen ari dela azaldu du, eta gogorarazi du txerto horien helburua gaixotasun larriak garatzen dituzten pertsonen kopurua eta ospitalizazio maila jaixtea dela, eta helburu hori betetzen ari dela txertaketarekin. Zentzu horretan, azpimarratu du populazio guztiak txertatuta egon beharko lukeela, baina horrek ez duela esan nahi birusa desagertuko denik. Era berean, adierazi du txerto horiek nabarmen jaixten dutela birusa transmititzeko aukera, baina ez duela 0ra jaixten, "birusaren transmisioa oso altua delako".

Basarasen iritziz, txertaketa lehenetsi behar da, baina oporrak galdu gabe; hori horrela, bere esanetan, osasun arlotik mekanismoak jarri beharko lituzkete pertsona horiek oporretatik bueltatzen direnean ahalik eta azkarren txertoa jaso dezaten. COVID 19 pasaportea izan du hizpide, eta ohartarazi du txertaketaren ziurtagiriak emateak sentimendu faltsu bat eragin dezakeela. Talde inmunitateaz hitz egitea "oso zalantzagarria "dela dio, "oraindik ez dakigulako txertatuta dauden herritarrak kutsatu ahal diren, eta kutsa dezaketen".

Patenteen liberalizazioa izan du hizpide, eta nabarmendu du "ondo" dagoela hori, baina askoz ere garraantzitsuagoa iruditzen zaio enpresa farmazeutikoak dauden lekuetan beste enpresa batzuk aurkitzea txerto horiek egiteko; izan ere, adierazi du zenbait herrialdetan ez dagoela kalitatezko laborategirik horrelako txertoak egiteko. Denbora librean maskararen erabileraren derrigortzea kentzeaz galdetuta, adierazi du 100.000 biztanleko 50-100 kasutik behera jaixten denean pentsatu litekeela kentzea, beti ere "jende pilaketarik ez dagoen lekuetan, eta distantziak bermatu ahal diren lekuetan".

Ikerkuntzan inbertsio gehiago egin beharko litzatekeela nabarmendu du; izan ere, azpimarratu du gehien inbertitzen duten herrialdeek garatu dituztela txertoak lehenbizi.