Skip to main content

Miren Echebeste: "Ilusioz heldu diot erronkari Gipuzkoako desorekak konpontzeko"

Elkarrizketa

Miren Echebeste Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza-IU eta Alianza Verde alderdiek osatutako koalizioaren Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Echebestek nabarmendu du “ilusioz” heldu diola Ahaldun Nagusi izateko erronkari, eta Gipuzkoako “desorekak” konpontzeko helburua duela azpimarratu du: “Gipuzkoan desoreka gero eta handiagoa da, eta horri erantzuteko bestelako eredu bat eraiki nahi dugu. Markel Olanoren zerga bilketa eta horren banaketa ez da orekatua, herri handi eta hirien mesedetan”.

Era berean, adierazi du EAJari eta PSE-EEri galdetu beharko zaiela zergatik itxaron duten hainbeste Francori seme kutun izendapena kentzeko. Ezker Anitza-IU eta Alianza Verde alderdiekin batera osatutako koalizioan hiru alderdi daudela azpimarratu du, baina horiez gain, bestelako kolektibo eta eragileekin elkarlanean ari direla azpimarratu du.

Feminismoaren alorraz galdetuta, Echebestek azpimarratu du generoaren araberako soldata arrakala dagoela, eta sektore feminizatuen “duintasuna” bermatu behar dela dio. Idoia Mendiak Martxoaren 8a jai egun izendatzeko proposamenaz galdetuta, adierazi du sindikatuei berriro greba orokor bat deitzeko eskatuko liekeela, jai egun izendatzeak egun horren aldarrikapen izaera apalduko lukeelako, Maiatzaren 1arekin gertatzen den bezala. Irungo Udaleko berdintasun zinegotzi izan da azken legegintzaldian, eta “pozik” dago egindako lanarekin: “Oinarri sendoak jarri ditugu berdintasunaren alorrean, eta espero dut nire ondoren datorrenak lan horrekin jarraitzea”.

Ahaldungaiak salatu du argitaratutako azken ikerketek argi erakusten dutela Zubietako erraustegia “hasiera hasieratik” gaizki egina zegoela, eta ez duela “araudia betetzen”. Zentzu horretan, GuraSOSek egindako lana balioetsi du, eta galdetu du ea Zubietako erraustegia kudeatzen duen enpresa pribatuarekin sinatutako kontratua ezin ote den “berrikusi”.

Salatu du Osasun Sailak ez duela Osakidetzeko egoera konpontzeko “benetako” konpromisorik hartzen, eta gehitu du Osasungintzako enpresa pribatuen irabazien “heren bat” osasun publikotik datorrela.