Skip to main content

Mitxel Lakuntza, ELA: 'Madrilek esaten duena betetzen bada, langile publikoek %20ko eros ahalmena galduko dute'

Elkarrizketa

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Soldata publikoen igoeraz mintzatzen hasi da, eta hain zuzen, penagarritzat jo du Azpiazu kontseilariak “normaltasunez” esatea Eusko Jaurlaritzak egingo duela Madrilek erabakitzen duena, eta “gordintasunez” onartzea “herri honek ez dituela eskuduntza minimoak izan behar gauza batzuk kudeatzeko”. Zentzu horretan, bi eskaera nagusi egin ditu: alde batetik, EAJri eta EH Bilduri eskatu die planteatu behar dutela Madrilen hurrengo aurrekontuekin zer gertatzen den bertatik jarri den muga dela-eta, eta Eusko Jaurlaritzari gogorarazi dio hainbat gauza egin daitekeela nahiz eta Madrilek muga hori ezarri.

Hori horrela, adierazi du langile publikoen artean ezberdintasun anitz dagoela, eta esaterako, Eusko Jaurlaritzan egin ez diren hobekuntzak egin dituztela udaletxeetan zein foru aldundietan. Azpimarratu du horrek agerian uzten duela “borondate politikoa” falta dela. Izan ere, azpimarratu du hamar urteetan langile publikoek %20ko galera izan dutela eros ahalmenean, eta horren aurrean, presio sindikala egin behar dela dio: “Sindikatuek gai izan beharko genuke gai hau herri honen politikaren erdigunean jartzeko”.

Administrazio publikoko lanpostuetako euskara eskakizunei buruz galdetuta, Lakuntzak dio agente “aktiboak” daudela gaztelaniaren aldeko politikak egiteko, eta horietako bi direla CCOO eta UGT sindikatuak. Hori horrela, Lakuntzak nabarmendu du langile publikoek eskubidea izan behar dutela euskaraz lan egiteko, eta herritarrek euskaraz artatuak izateko.

Prezioen gorakada izan du hizpide ELA sindikatuko idazkari nagusiak, eta azpimarratu du pobretze fase batean sartu dela gizartea. Hori horrela, dio “kezkatuta” daudela horri aurre egiteko hartzen ari ez diren neurriekin: “Nola azaltzen da hemen dagoen geldotasuna?”. Horren aurrean, hainbat neurri har daitezkeela defendatu du: soldatak eta pentsioak defendatu behar dira, mugak jarri behar zaizkie prezioei, eta aldaketa fiskalaz hitz egin behar da”. Izan ere, dio Hego Euskal Herrian ez dutela diru gehien ematen diru gehien dutenek, eta gehitu du kezkagarriena dela eztabaida hori ez dela hemen hasi: “Guretzat albiste txarra da erreferentzia sozialak Madrildik etortzea”.

Elkarrizketa sozialeko mahaia izan du hizpide, eta nabarmendu du bertan erabakiak patronalak hartzen dituela: “Gu ez gaude denbora galtzeko”. Zentzu horretan, beren lekua kalean eta lantokietan dagoela azpimarratu du.