Skip to main content

Rebeka Ubera (EH Bildu): "Kataluniako presoak, gainerako preso politikoak bezala, kalean egon beharko lirateke"

Elkarrizketa

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Hainbat gai jorratu ditugi: osasun eta ekonomia krisia, Europako Funtsak, langabezia, Katalunia... Txertoen irregulartasunei galdetuta, Jaurlaritzatik ardurak hartu beharko dituztela adierazi du, nahiz eta Gotzone Sagardui osasun sailburuaren azalpenak tarteko, EAJk amaitutzat eman gaia. Gertatutakoa “oso larria” dela adierazi du, eta Sagarduik “gezurra” esan zuela gaineratu. “Zer-nolako sinesgarritasuna ematen die horrek herritarrei?” galdetzen du. Sagarduiren dimisioa eskatzen dutela berretsi du; Osakidetza izena “zikindu”, herritarren konfiantza “galdu” eta ez direla “eredu” izan azpimarratu du Uberak. Europako Batzordeak ez ditu AstraZeneca farmazeutikak adostutako dosiak jasoko, horien erdia soilik. Egoera “kezkagarria” dela iritzi du Uberak: “sistema aldatu” behar dela adierazi du, txertaketa mundu globalean bermatu ahal izateko. “Farmazeutikekin bukatu behar da”, ordez, “elkartasunez” jokatzeko ordua dela dio. Izurriari aurre egiteko neurriak birplanteatzeko deia ere egin du Uberak; “frogatu beharko genuke covid0 estrategia”. Pandemiak zaintza eta osasun arloko gabeziak “azaleratu” egin dituenez, “beharrezkoa da erregularizatzea, duintzea, eta sistema publikoak izan behar duen pisua izatea”. Aurrekontuei begira, EAJ-PSEE gehiengoarekin aterako dira aurrera, EH Bilduren osoko zuzenketa atzera botata, besteak beste. Rebeka Uberak adierazi du “ez dago Osakidetzarako ez gizarte zerbitzurako apusturik aurrekontu hauetan”. Lan arloan izaten ari diren kaleratzeei buruz, hainbat sektore “ikututa” daudela eta “laguntzak behar” dituztela dio. Luzera, “aldaketa behar” dela adierazi du. Gobernuak luzera begiratzeko “zailtasunak” dituela iritzi du Uberak, eta “enplegua defendatzen ari direnak egurtu egiten ditu gobernuak”. “Prekarietateak eta arrazoi desberdinen pilaketek herritar eta langileen bizitzak arriskuan jartzen dituzte”, dio lan istripuen harira. Zaldibarko ezbeharra ere izan du gogoan. Osasun eta ekonomia krisiari aurre egiteko Europako Funtsak giltzarri izan daitezkeela dio. “Eskubide sozial eta laboralen defentsan gaude” erantzun du Funtsak Madrilen babesteagatik ELAk egindako kritikaren aurrean, eta gaineratu du: “Funtsak oso garrantzitsuak dira etorkizuneko proiektu horiei heltzeko, ezin diogu ezezkorik esan”. Kataluniari begira, “Kataluniako presoak, gainerako preso politikoak bezala, kalean egon beharko lirateke”. Kanpaina oso “gogorra” izango dela eta ondorengo eszenatokia “konplexua” izango dela adierazi du. “Espero dugu independentismoa gailentzea eta guri heldu-leku bat ematea gure etorkizuna erabakitze aldera”.