Skip to main content

Tasio Arrizabalaga: 'Errelato ofizialean geroz eta arrakala gehiago irekitzen ari dira'

Elkarrizketa

Tasio Arrizabalaga Egiari Zor fundazioko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Estatuko biktimen aitortzarako bidean dauden oztopoak eta egindako aurrerapausoak errepasatu ditu Arrizabalagak, besteak beste.

Azaroaren 20an, Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko buruzagien heriotzak oroitu dituzte Euskal Herrian. Helburuetako bat, ez zirela bakarrak izan mahai gainean jartzea izan da, ildo horretan, estatuaren biolentzia jasan duten biktimen errealitatea oso ezezaguna dela azpimarratu du Tasiok, "urte luzetan ukatu dituzte biktima berak eta Estatuak baliatu dituen biolentzia asko ezkutuan mantendu dira", azaldu du.

Bestalde, 36 urte dira ere Guardia Zibilak Mikel Zabalza hil zuela Intxaurrondon, eta urte hauetan ez da aitortzarik jaso, bigarren mailako biktimak izan direla salatu dute familiarrek. "Mikel Zabalza oraindik ere aitortu gabeko biktima bat izaten jarraitzen du, eta gertatu zitzaionaren bertsio ofiziala ere oraindik bere horretan mantentzen da" azpimarratu du. Izan ere, Zabaltzaren auzia epaitegietara iritsi den arren, kasua ez da epaitu eta inor ez dute auziperatu.

Memoriala deiturikoak estatuaren aparatuek eragindako indarkeriaren milaka biktima kanpoan uzten ditu; eta bien bitartean, torturagatik zigortutako polizia Hector Moreno Garcia komisarioa saritu du Madrilek. Ez da hau kasu bakana; hortxe ditugu beste adibide batzuk; Enrique Rodríguez Galindo edo Billy el Niño. Gai honen inguruan, bere burua demokratikotzat duen Estatu batean, halako ekintzak tamalgarriak direla azpimarratu du Tasiok: "XXI. mendean torturatzaileak izateagatik kondenatutako guardia zibilei dituzten ohoreak mantentzen jarraitzea ez da posible, tamalgarria da".

Bukatzeko, frankismoaren gaia hartu dute saioan ardatz. Izan ere, frankismoan egindako krimenak ikertzeko eta epaitzeko Memoria Demokratikoaren Legea aldatzeko akordioa egin zutela iragarri zuten PSOEk eta Unidas Podemosek, baina azkenean aukera horri ateak itxi dizkiote, Amnistia Legeak eta 78ko erregimenak bere horretan segituko dutela azpimarratuta.