Gure begiz

All Stories

Amaia Mayor: "Behin behineko langileen tasa handia da, eta horietako batzuk txertatu gabe etortzen dira"

Amaia Mayor SATSE sindikatuko ordezkaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Kutsatze kasuen apaltzea atzematen ari da gizartean, eta Mayorrek berretsi du erietxeetan ere hala dela. Hala ere, Santa Marinako ospitalean agerraldia izan da, eta Mayorrek dioenez, behin behineko langileetako batzuk ez daude txertatuta eta horren ondorioz, kutsaketak gerta daitezke. Hain zuzen, azpimarratu du behin behinkotasuna sektore publikoko arlo askotan dagoela, eta hori dela eta, greba deialida egin dute apirilaren 22rako.


Txertaketa kanpainari dagokionez, "oso kritikoak" izan dira txertaketa kanpainaren estrategia "ezagatik". Sindikatuko ordezkariak azpimarratu du ESIen arteko ezberdintasunek ezinegona sortu dutela langileen artean.

Ibon Caballero: "Tubacexekin negoziaziorako tartea hurrengo asteazkenean amaitzen da"

Ibon Caballero Tubacex enpresako langilea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Greba mugagabean daude duela hiru astetik Tubacexeko langileak, enpresak iragarri dituen 150 kaleratzeei aurer egiteko. Caballerok dioenez, %100 jarraipena izaten ari da. Gaur goizetik bilduta daude enpresaren zuzendaritza eta langileen ordezkariak, baina oraindik berririk ez dutela nabarmendu du. Datorren asteazkenean amaitzen da negoziaketarako epea, eta ordurako zerbait lortzea espero duela adierazi du.

Olatz Foruria: "Euskal Herriko Itzulia oso albiste ona da euskal txirrinduzaleentzat"

Olatz Foruria kazetariarekin kirol albisteen errepasoa egin dugu Hamaika Telebistan. Reala Real Madrili gailendu zitzaion Zubietan, eta Foruriak dio "oso garaipen garrantzitsua" izan zela txuri urdinentzat. Gizonezkoen ligan, Alaves eta Osasunaren arteko derbia izan du hizpide; nabarmendu du Alaves oso bolada txarrean dagoela, jaitsiera postuetan baitago. Era berean, adierazi du Athletic-ek datozen partidetan zer-nolako emaitzak izango dituen ikusmina pizten dutela.

Bestalde, Alex Txikonek iragarri du Manaslun egiten ari ziren espedizioa amaitutzat jotzen duela eta etxera itzuliko dela datozen egunetan. Foruriak nabarmendu du lan "handia" egin dutela, baina, "zoritxarrez", eguraldiaren ondorioz etxera bueltatzeko erabakia hartu dutela.


Euskal Selekzioaz, Bilboko alkateak UEFAko kopa hirian ospatzeko nahiaz, eta aurtengo Euskal Herriko Itzuliaz ere aritu da Foruria:" EH Itzulia Bilbon hastea oso albiste ona da euskal txirrinduzaleentzat".

Alessandro Ruta: "Marylin Monroeren bizitza ez zen pozez beterikoa izan"

Alessandro Ruta kazetaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Marilyn Monroe aktore eta ikonoaren bizitzan murgildu da Ruta, bere biografia idatzi du 'Marilyn Monroe. Voglio solo essere meravigliosa' liburuan. Interneten eskuratzeko aukera dago baina, momentuz, soilik italieraz.

Vero Satrustegi: "Perun eta Argentinako hainbat goi kargudunek txertoa jaso dute ez zegokienean"

Veronica Satrustegi Perun bizi den kazetaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, Hego Amerikako gaurkotasunaren berri emateko. Koronabirusaren kutsatzeen gorakada betean, lurrikara politiko bati aurre egin beharko dio Peruk, txertaketen eskandalua dela eta. Argentinan ere goi kargudunek, presidenteak eta osasun ministroak txertoa hartu dute, eta erabilera pribaturako Sputnik txertoaren 3.000 txerto jaso dituztela azaldu du.

Haitín ere krisi instituzional betean daude. Oposizioko kideek "diktadoretzat" jo dute Moise presidentea, eta bere agintaldia amaitu dela diote. Presidenteak, ordea, esan du urtebete falta zaiola agintaldia amaitzeko. Samir Flores Mexikoko aktibista indigena erail zuten bigarren urteurrenean, kasua argitu gabe dagoela nabarmendu du Satrustegik, eta Kolonbiako gatazkari dagokionean, oraindik ere egia bilatzen ari direla nabarmendu du kazetariak. Herrialdeko Bake Auzitegiak 6.400 'positibo faltsu' baino gehiago jaso ditu Uribe Gobernuan zegoen bitartean.

hamaika telebista

Image