Gure begiz

All Stories

Angel Elias: 'Oinarrizko errentak aberastasuna banatzea suposatuko luke'

Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentaren proposamena ez da aurrera atera Legebiltzarrean. Angel Elias da ekimenaren sustatzaileetako bat, eta EAJk, PSEk eta espainol eskuinaren aurkako botoak salatu ditu; "herritarron bizi baldintzen alde proposatzen dituenak ez zaizkiela interesatzen erakutsi dute".

Eliasen arabera, beharrezkoa da aberastasuna banatzea eta, horretarako, zerga ssitema aldatu beharra aldarrikatu du. Nahiz eta ekimena Legebiltzarrean aurrera egin ez duen, Eliasek balioan jarri nahi izan du azken hilabeteotan lortutakoa.

Maite Ubiria: 'Frantziako ezkerreko frontea Macronismoaren aurrean kokatu daiteke legegileetan'

Frantziako Asanblada Nazionalerako hauteskundeak izateko bost aste falta direnean, ezkerrak fronte zabal bat eratzeko aurrerapausoak eman ditu. Gaur jakinarazi dutenez, PS Alderdi Sozialista eta PCF Alderdi Komunista ere batu direlako aurretik LFI Frantzia Intsumisoak eta EELV Europa Ekologia-Berdeek egindako akordiora, ultraeskuinak hauteskunde presidentzialetan utzitako argazkiari erantzun nahiean eta Macronen alternatiba gisa aurkeztezko helburuarekin. Ezkerreko alderdien fronte zabalak zabaltzen dituen aukerei buruz aritu da Maite Ubiria kazetaria.

Gorka Julio: 'Datuak ustiatzen dituzten multinazionalak eredu gisa proposatzen dira hezkuntzan'

Lakuako Hezkuntza Sailak bere menpeko diren ikastetxeetan datozen lau urteetan Google Workspace for Education zerbitzua erabiltzeko hitzarmena sinatu du. Gorka Julio garatzailea eta komunikatzailearekin aztertu dugu Lakuak eta Googlek sinatutako hitzarmenak suposatu lezakeena pribatutasunari eta segurtasunari dagokionean.

Zerbitzua doakoa bada ere, irakasle zein ikasleen datuak multinazionalaren esku gelditu daitezke. Juliok azaldu duenez, orain ez bada ere, aurrerago datu horiek guztiak ustiatuko dituztela "jakitun" da Google. Izan ere, datuak dira etorkizun gertu batean balio gehien izango duten baliabideak.

Juliok salatu duenez, Lakuak sinatutako hitzarmen honek hezkuntzan ere teknologia burujabe eta askatzaile bat egiteko aukera zailtzen du, pribatizazioari atea irekiz.

Pegasus espioitza auziaz ere aritu da Julio, eta zibererasoak goi kargudunei afektatzen dienean soilik garrantzia dutela ematen duela kritikatu du.

Ane Irazabal: 'Kievera itzultzea erabaki dute seme-alabarik gabeko emakume askok'

Ane Irazabal kazetariarekin bat egin dugu zuzenean Ukrainako gerrarekin lotura duten azken berriei heltzeko.
Ukrainatik ihes egindako errefuxiatu batzuk Ukrainara itzultzen hasi direla azaldu du; bestalde, Errusiako gasaren menpekotasuna murrizteko Europar Batasuna eta Alemaniak dituen aukeraz mintzatu da; baita gerraren bilakaera posibleaz eta Pablo González kazetariaren egoeraz ere.

Vero Satrustegi: 'Konstituzio fujimorista berritzeko prozesua luze joko du Perun'

Vero Satrustegi kazetariarekin batera Latinoamerikako berriei errepasoa eman diegu.

Hasteko, Kolonbiara begira jarri gara; urte honetan dagoeneko 18 bake-sinatzaile erahil dituztelako. Ez hori bakarrik, azken astean beste mugarri bat gertatu da: militarrek positibo faltsu bezala aurkezteko nekazariak erahil dituztela aitortu dute Bake Auzitegian.

Peruko Gobernuak konstituzio fujimorista aldatzen saiatzeko prozesua hasi du eta horren gakoak eman ditu Satrustegik. Mexikon, AMLO presidenteak proposatutako erreforma elektrikoaren porrotaz ere aritu da kazetaria.

Niko Cuenca: 'Argindarra merketzeko sistemak inflazioa murriztuko du zertxobait'

Niko Cuenca ekonomialariarekin aztertu ditugu ekonomia alorreko azken berriak; elektrizitatearen prezioa mugatzeko Espainiak eta Portugalek Bruselarekin adostutakoa, inflazioaren norabidea eta EBZk Estatuen zor publikoa erosteari uzteko iragarpenaren ondorioak.

Gainera, Niko Cuenca da Enpresabidea.eus hedabide digital berriko zuzendaria eta ekimen berriari buruz ere mintzatu da.

Miren Basaras: 'Maskararen derrigortasuna kentzea modu mailakatuan egin behar zen'

Miren Basaras mikrobiologoak maskararen derrigortasuna kentzearen balorazioa egin du. Bere ustez, "arinegi" heldu da neurria, eta "era mailakatuan" egitearen aldekoa izango zen bera.

Azaldu duenez, birusaren transmisioa altua da oraindik. Detektatzen diren positiboak ez dira gizartean dauden guztiak nabarmendu du. Maskara kentzearekin piztu diren zalantzei erantzunez, leku itxietan zer-nolako aireztapena eta pertsona multzoa dagoen kontuan hartu behar dela ohartarazi du maskara erabiltzeko ala ez.

Haren esanetan, pertsona zaurgarrienak babestea da lehentasuna orain. Horretarako, eurek hartu beharko dituzte neurriak, maskararen erabilera egokiarekin. Gizarteari dei egin dio horretan ere laguntzeko.

Eguzki Urteaga: 'Eskuin muturreko botoa sendotzen eta hedatzen ari da Frantziar estatuan'

Frantziako hauteskunde presidentzialak irabazi ditu Emmanuel Macronek, aurreikuspenen arabera.

Eguzki Urteaga soziologoarekin aztertu ditugu emaitzen nondik norakoak; Ipar Euskal Herriko bozak, Frantziako ezkerraren zatiketaren ondorioak, ultraeskuinaren gorakada eta ekainean ospatuko diren hauteskunde legegileei begira zabaltzen diren aukerak.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image