Gure begiz

All Stories

Iñigo Aduriz: 'Gudaren inguruan desberdintasunak dituzte Unidas Podemosek eta PSOEk'

Iñigo Aduriz kazetariarekin aztertu ditugu Madrildik datozen azken berrietako batzuk. Tartean, Moncloak gastu militarra handitzeko hartutako erabakia eta inbestidura blokearen Ukrainara armak bidaltzearen aurkako jarrera; Elizako sexu abusuak ikertzeko adostutako mekanismoa; eta Madrilgo Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako alokairuak erregulatzeko legearen zati batzuk bertan behera uztearen ondorioez aritu da.

Julen Orbegozo: 'Ukrainatik heltzen zaizkigun irudi batzuk gerra erromantizatzen ari dira'

Julen Orbegozo kazetariarekin aztertu dugu Ukrainako gerra komunikazioaren alorretik. Propaganda eta fake news-ak, agintarien lengoaia eta eszenografia... denak komunikatzen baitu, denak badu helburu bat.

Nabarmendu duenez, maila militarrean gertatzen den gerraz gain, gerra energetikoa eta gerra komunikatiboa ere badela "agerikoa da". Bakoitzak bere errelatoa eta eszenografiarekin, Zelensky eta Putinen komunikatzeko era antagonikoak aztertu ditu Orbegozok. Azaldu duenez, mandatari Ukrainarra "sinbolo bilakatu da Mendebaldeko gizartearentzako", hain justu bere hartzailea Mendebaldea duelako, gaineratu du. Bere helburua "nazioarteko komunitateari dei bat egitea" izango litzateke, "gerra honetan parte har dezan". Putinek, aldiz, gertutasunetik at irudi serioa eman nahi duela azaldu du, "gerra justifikatu behar" duelako nazioarteko elite politikoen aurrean.

Heltzen zaizkigun irudiez Orbegozok nabarmendu du horietako batzuk "gerra erromantizatzen" dutela. Bestetik, aipatu du errefuxiatuen ikuspegitik egiten ari direla erreportai asko; honen atzean "clickbait erraza" egon daitekeela salatu du, informazioaren "komertzializazioa".

Lengoaia eta eszenografia militarra, dena den, ez da soilik gerretan erabiltzen. Osasun larrialdia ezarri zenetik bi urte betetzen dira gaur, eta pandemian agintariek eta hedabideek hura erabili izan dute. Atzean helburu berdin bat dagoela azpimarratu du kazetariak; "gizartean beldurra sortzea".

Asier Blas: 'Ukrainako gerran Europar Batasuna AEBren interesetan ainguratuta dago'

Asier Blas EHUko politika zientzia saileko zuzendariarekin aztertu dugu Ukrainako gerra eta honek dituen inplikazio geopolitikoak.

Gaur Turkian Errusiako eta Ukrainako ordezkariek egindako bileratik "aurrerapausorik ez zela espero" aitortu du Blasek; "uste baino polikiago" doaz negoziazioak eta gerra "asko luzatu" daitekela ohararazi du. Horren adierazletzat jo du Europar Batasunak hartutako jarrera, gerrara armak bidaliz. Erabaki hori "Errusia desgastatzeko" estrategia bezala ulertu behar dela dio. Azaldu duenez, "badago esperantza bat Putinek edo Kremlinak boterea galtzeko".

EB "geroz eta kohesionatuago" ageri dela azaldu du; baina azpimarratu du bere interesak ez direla gailentzen ari gatazka honetan, "AEBren interesekin lerrokatuta" dagoelako EB, AEBrekin "ainguratuta".

Gerra hau "gerra zabalago baten atal bat" izango dela uste du Blasek, EB, AEB eta NATO vs Errusia. "Gerra hotz moduko bat izango da, noizbehinka puntu beroekin", azaldu du adituak.

Errusia eta Txinaren artean "dudarik gabe aliantza bat" dagoela dio; eta Kremlinak Ukraina inbaditzeko intentzioez bazuela informazioa uste du. Gerra asko luzatzen bada, "baliteke Mosku presionatzea gerra amaitzeko". Desglobalizazio marko honetan, izan ere, Txinarekin lerrokatuko da Errusiaren ekonomia, dionez.

Gerraren ondoriez ere aritu da. "Gerra honekin Errusiaren eta EBren harremanak guztiz eteten badira, bien kaltetan" izango dela, aipatu du. Hurrengo hilabeteetan "krisi batean sartzeko aukera asko" dagoela adierazi du. Krisi ekonomikoaren atea irekitzen bada, "EBko eta Errusiako herritarrak kaltetu nagusiak" izango direla ohartarazi du.

Niko Cuenca: 'Hornidura katearen eten bat ekarri du Ukrainako gerrak; prezioen igoerarekin'

Niko Cuenca ekonomialariarekin aztertu dugu Ukrainako gerrak gurean uzten ari dituen ondorioak; energiaren prezioaren neurrigabeko igoera, zenbait enpresen jardunaren etetea... zein alternatiba du EBk? Nola mugatu argindarraren prezioa gasetik banatuta?

Bestalde, supermerkatuek hartutako beste neurri bati buruz ere aritu gara; ekilore olioaren errazionamendua. Cuencak gogorarazi du sukaldatzeko soilik ez, kontserba enpresetan ere berebiziko garrantzia duela. Gainera, pentsurako esportatzen diren zerealak Ukrainatik ere garestitzen ari direla ohartarazi du, eta honek nekazaritzan eta abeltzaintzan ondorioak ekarriko dituela eta beraz, errenkadan, bestelako produktuen prezioen gorakada ekarriko dute.

Euroak pisua galdu du dolarraren aurrean, Errusiak irekitako gerraren eraginez. EBrentzat AEBentzat baino kostu ekonomiko "handiagoa" izango du Errusiako inbasioak, Cuencak baieztatu duenez.

Naiara Gutierrez: 'Gerran ere emakumeen gorputzak gudu zelai bilakatzen dira'

Tantaka bada ere, hasi dira iristen Hego Euskal Herrira Ukrainako gerratik ihesi datozen errefuxiatuak, euren kabuz. Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza azpiegiturak eta baliabide pertsonalak prestatzen eta koordinatzen hasiak dira. Zehar-Errefuxiatuekin elkartea horietako batzuekin egon da, eta euren egoera azaldu digu Naiara Gutierrez komunikazio arduradunak: "Ez zuten gerra hau espero, Ukrainako errefuxiatuak nekatuta eta 'apurtuta' datoz" azaldu du. EBk errefuxiatuak hartzeko aktibatutako mekanismoa begi onez ikusi duen arren, beste gatazka batzuetan martxan jarri ez izana deitoratu du.

Errefuxiatu gehienak emakumeak eta haurrak direla azaldu du Gutierrezek, harrera planen genero ikuspegia aldarrikatu du. Horrez gain, mahai gainera ekarri du emakumeek gatazketan pairatzen duten indarkeria, sexu indarkeria arma gerra gisa erabiltzen jarraitzen baita.

Maria Fuentes: 'Subjektua bera emakume langilea dela azpimarratu nahi dugu gaur '

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistako kidea den Maria Fuentes izan dugu Gurean Gaur saioan.

Martxoaren 8 honetan, emakume langilearen izaera aldarrikatu nahi izan dute, lehen lerrora ekarriz. Fuentesek adierazi du emakumea bera delako "zapalkuntzatik askatzeko" eta "klaseetan banatutako gizarten baten gaindipena" ekarriko duena.

Baldintza materialez gain, gizartearen hipersexualizazioa jarri duzue jopuntuan ere, batez ere belaunaldi berrietan duen eraginaz ohartarazi du. Enpresen irabaziak handitzeko interesez gain, gizartean "despolitizazio maila altuak" sortzen dituela azaldu du Fuentesek. Ahalduntzearen terminoa "era indibidualean" kokatzen dela azpimarratu du, eta Itaiak ahalduntzea "termino politikoetan" ulertzen dutela azaldu du.

Berdintasuna lortzeko, Itaiatik uste duzue kaleko presioa eta instituzioetatik hartzen diren erabakiekin ez dela nahikoa izango. Marko berri baten eraikuntza beharrezkoa dela aldarrikatzen du mugimenduak.

Mikel Alvarez: 'Interbentzio labur batetik gerra luze batera goaz, gizarte zibilaren kaltetan'

Gurean Gaur magazinean izan dugu solaskide Mikel Álvarez politologoa, Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka hizpide. Dioenez, "bi paradigma aldaketa" eman dira azken egunotan. Azaldu duenez, "interbentzio labur bat" izan behar zen horretatik "gerra luze batera" bideratzen ari gara. Bestetik, fokoa "Ukrainatik Errusiara eta Europara" aldatu dela nabarmendu du; diplomazia edo gerra eztabaidari lotuta eta Errusiaren aurkako Mendebaldeko "oldarraldia" dela eta.

Nekane Gartzia: 'Gatazketan emakumeek pairatzen duten egoera hausnartzekoa da'

Nekane Gartzia analista politikoa izan dugu Gurean Gaur magazineko solaskide. Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka hizpide nagusi, iheslarien artean gehienak emakumeak eta haurrak direla nabarmendu du Gartziak. Gerra legea dela eta, izan ere, gizonezkoak Ukrainan gelditzera behartuta daude, estereotipoak betikotuz. Horren harira, gatazketan emakumeek bizi behar duten indarkeriaz "sakonago hausnartu" beharko litzatekela uste du. Era berean, balioan jarri nahi izan du emakume kazetariek Ukrainan egiten ari diren lana. Dioenez, gatazka-kazetarien "iruditeria aldatzen ari da" gatazka honen ondoren.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image