Skip to main content

Asier Blas: 'Ukrainako gerran Europar Batasuna AEBren interesetan ainguratuta dago'

Gure begiz

Asier Blas EHUko politika zientzia saileko zuzendariarekin aztertu dugu Ukrainako gerra eta honek dituen inplikazio geopolitikoak.

Gaur Turkian Errusiako eta Ukrainako ordezkariek egindako bileratik "aurrerapausorik ez zela espero" aitortu du Blasek; "uste baino polikiago" doaz negoziazioak eta gerra "asko luzatu" daitekela ohararazi du. Horren adierazletzat jo du Europar Batasunak hartutako jarrera, gerrara armak bidaliz. Erabaki hori "Errusia desgastatzeko" estrategia bezala ulertu behar dela dio. Azaldu duenez, "badago esperantza bat Putinek edo Kremlinak boterea galtzeko".

EB "geroz eta kohesionatuago" ageri dela azaldu du; baina azpimarratu du bere interesak ez direla gailentzen ari gatazka honetan, "AEBren interesekin lerrokatuta" dagoelako EB, AEBrekin "ainguratuta".

Gerra hau "gerra zabalago baten atal bat" izango dela uste du Blasek, EB, AEB eta NATO vs Errusia. "Gerra hotz moduko bat izango da, noizbehinka puntu beroekin", azaldu du adituak.

Errusia eta Txinaren artean "dudarik gabe aliantza bat" dagoela dio; eta Kremlinak Ukraina inbaditzeko intentzioez bazuela informazioa uste du. Gerra asko luzatzen bada, "baliteke Mosku presionatzea gerra amaitzeko". Desglobalizazio marko honetan, izan ere, Txinarekin lerrokatuko da Errusiaren ekonomia, dionez.

Gerraren ondoriez ere aritu da. "Gerra honekin Errusiaren eta EBren harremanak guztiz eteten badira, bien kaltetan" izango dela, aipatu du. Hurrengo hilabeteetan "krisi batean sartzeko aukera asko" dagoela adierazi du. Krisi ekonomikoaren atea irekitzen bada, "EBko eta Errusiako herritarrak kaltetu nagusiak" izango direla ohartarazi du.