Skip to main content

Gaizka Izagirre: "Dardara dokumentalean oso ondo transmititzen da Berri Txarrak taldearen zaletuen pasioa"

Gure begiz

Gaizka Izagirre Gaztezuloko zuzendaria izan dugu Hamaika Telebistan, Goya sarietarako izendapenak lortu dituzten euskal hautagaiak aztertzen. "Zaila" deritzo sariak aurreikustea, baina 'Ane' filma eta Patricia Lopezek eginiko papera nabarmendu du. Hain zuzen, euskal izendatuenen artean onena da Izagirreren ustez: "Estetika boteretsua du Akelarre filmak, baina gidoi ahulagoa duela iruditzen zait", dio.

Film horiez gain, 'Dardara' Berri Txarrak taldearen azken birari buruzko dokumentala eta 'Non dago Mikel?' dokumentalak gomendatu ditu. Dardara dokumentala orain artekoetatik aldentzen dela dio, eta nabarmendu du oso ondo transmititzen duela zaletuen pasioa: "Dardara dokumentalean oso ondo kontatzen da mundu osoko zaletuek zer sentitzen duten Berri Txarrak taldearekiko".

'Non dago Mikel?' dokumentala bihar estreinatuko da zinema aretoetan, eta nabarmendu du herritar guztiek ikusi beharreko filma dela: "Oso interesgarria da zehazki zer gertatu zen jakiteko".