Skip to main content

Julen Bollain: "Urtegiak merke ustiatu eta energia maximoetan saldu dute Iberdrolak eta Naturgyk"

Gure begiz

Argindarraren eguneko batez besteko prezioak goia joko du astelehen honetan, eta 154,16 euro ordaindu beharko dira megawatt-ordua (MWh). Aurreko urteko prezioarekin konparatuz gero, laukoiztu egin da faktura.

Julen Bollain ekonomialariarekin hitz egin dugu prezioaren etengabeko gorakadaren gakoak jasotzeko, eta instituzioek ezar ditzaketen neurriak azaltzeko. Bere iritziz, prezioaren garestitzearen kausa nagusiak hauek dira: C02 gasak isurtzeko eskubideen garestitzea, gasaren nazioarteko merkatuan garestitzea, eta azkenik, eskariaren handitzea.

Azaldu duenez, Naturgyk eta Iberdrolak urtegiak hustu dituzte: "Ondasun publiko bat merke ustiatu, eta garesti saldu dute, ahalik eta etekin handiena ateratzeko biztanleria osoaren kontura". Bere esanetan, 35.000 euroko isuna jaso dute urtegi bakoitzeko, baina isun hori kasik anekdotikoa dela azpimarratu du Bollainek: "Isun hori testuinguruan jartzeko, urtean 12.000 euro irabazten dituen pertsona bati 24 xentimoko isuna jartzearen parekoa izango litzateke".

Europako funtsak ere izan ditu hizpide, eta adierazi du 43.000 milioi eurorainoko proiektuak izan ditzaketela Naturgyk eta Iberdrolak; hori Europako Funtsen herena izango litzateke, baina nabarmendu du ikusteko dagoela zer gertatuko den.