
Niko Cuenca, ekonomialaria: “Gutxieneko soldata igotzeak genero arrakala murrizten lagunduko du”
Gutxieneko soldata 1.080 eurora igotzeko Espainiako Gobernuaren erabakia aztertu dugu Niko Cuenca ekonomialariarekin. Bere esanetan, “positiboa” da neurria, eta azpimarratu du genero arrakala “murrizten” lagunduko duela: “Gutxieneko soldata batez ere hiru arlotan kobratzen da (zerbitzuetan, nekazaritzan eta etxez etxeko langileetan), eta horiek guztiak sektore feminizatuak dira; horregatik lagunduko du genero arrakala murrizten”.
Hala ere, “zalantza” sortzen dio igoera horrek familia asko “ekonomia beltzera” bideratuko ote dituen: “Etxeetan lan egiten dutenen kasuan, norbanakoak dira langile horiei ordaintzen dietenak, eta, agian, familia batzuk ezingo diote igoera horri aurre egin; horrek eragin dezake ekonomia beltzera joatea”.