Skip to main content

Niko Cuenca, ekonomialaria: ‘Enplegu planen bitartez pentsio sistema publikoa konpentsatu nahi ditu Escrivak’

Gure begiz

Urtea bukatu aurretik osatuta egon beharko luke Madrilgo pentsioen erreformaren bigarren zatia, hala agindu zuen Europako Batzordeak. Parisen ere ontzen ari dira pentsioen erreforma, eta negoziazioak hilabete bat luzatzea adostu dute. Niko Cuenca ekonomialariak gakoetako batzuk eman dizkigu.
Azaldu duenez, Next Generation funtsek baldintzatu dute pentsioen erreforma, horiek jasotzeko baldintzak ezarri zituelako Bruselak. Hori dela eta, kotizazio urteak luzatzea proposatu du berriki Escriva ministroak. Dena den, Cuencak azaldu du langileen kotizazioak pentsioak ordaintzeko Espainiak ezarri duen sistema den arren, beste era batzuk ere posible izango liratekela pentsioak ordaintzeko, Estatuko aurrekontu orokorretan jasotzea, esaterako. Hori hala, “beste nonbaitetik gastua murriztu beharko litzateke”.
Nabarmendu duenez, gainera, KPIaren eraginez soldatak jaitsi dira: “Soldatak igoko balira, pentsioak ere handiagoak izango lirateke”. Egungo egoeran pentsio pribatuak hauspotzen ari dira, azaldu duenez, banakako planez gain enpresekin batera egiten dira beste asko, enplegu planak deiturikoen bidez; “Hau da Escrivak estatu osorako planteatu nahi duen sistema”. Bere ustez, bidaltzen ari den mezua da: “pentsio publikoak ez dira nahikoak izango”.