Skip to main content

Kulturaz Bete Arte jardunaldia egin dute Oiartzunen

Gurean Gaur

Kulturaz Bete Arte jardunaldia egin dute Oiartzunen. Duela urtebete inguru, kulturgintzan dabiltzan herritarrekin harremanetan jarri zen Oiartzungo Udala, herrian eraikitzen ari diren kultur aretoaren "kudeaketak eman zitzakeen aukerak aztertzeko, eta Oiartzungo kulturgintza osatzen duten eragileak artikulatzeko asmoz". Hilabete horietan hainbat asanblada eta bilera egin dituzte, eta horren emaitza da jardunaldia. Horrela azaldu du Ainara Lasa Kulturaz Bete Arte herri dinamikako kideak: "Asanblada horietatik talde eragile bat sortu zen, eta asanbladak talde horri enkargatu zion araka zezala Oiartzunerako desiragarria zaigun kulturgintza horrek nolakoa izan beharko lukeen, eta kultur artikulazio horren ezaugarriak zein izan beharko luketen. Hortik bi lantalde sortu dira: bata kudeaketa ereduari dagokiona, eta bestea kultur proiektuari dagokiona". 

Bide honetan hainbat galdera eta zalantza sortu dira, eta horiei erantzuteko asmoz antolatu dute Kulturaz Bete Arte jardunaldia: "Hasieratik kolektiboki ahaldundutako prozesua baldin bada, iruditzen zaigu aberasgarriagoa izango dela", adierazi du Lasak. Eneritz Arbelaitz Oiartzungo alkateordeak kultur sistema propioa eraikitzearen garrantzia nabarmendu du: "Euskal Herrian sortu diren beste eredu batzuk ezagutzea garrantzitsua da, baina gure sistema propioa sortu behar dugu, Oiartzunerako jantzi propioa". Zentzu horretan, Lasak azpimarratu du beren ametsa dela sortzea askoz ere kulturgintza "urratzaileagoa, elkarrekintza oinarri izango duena, ausartagoa, transmisioa behar bezala egingo duena, eta emaitzei begira baino, prozesuei begiratuko diena".