Skip to main content

Bost urte igaro dira 2017ko urriaren 1 euritsu hartatik, Kataluniako independentzia galdeketa egunetik

Minutu batean

2017ko irailaren 6an Generalitateko Gobernuak independentzia galdeketa deitu zuen. Espainiako Gobernu zentralak erreferenduma debekatu zuen arren, milaka lagun hauteslekuetara hurbildu ziren.

Batzuk, han eman zuten gaua, hauteslekuak defendatzen; beste batzuk, egunean zehar agertu ziren poliziaren errepresioari aurre eginez.

Egunotarako mobilizazioak daude deituta 2017ko urriaren 1eko mugarria gogoratzeko. Mobilizazioak bezperan ere egingo dira, boto kutxak jarri ziren eskola batzuetan. Hautesleku gisa prestatutako eskolak okupatu zituzten pertsona guztiak omendu nahi dituzte. Omenaldi gisa ez ezik, hurrengo egunean independentismoak egingo duen ekitaldi bateratuaren hitzaurre gisa ere balio du mobilizazio honek.

Urriaren 1a aldarrikatzeko eta Kataluniako herriaren subiranotasuna defendatzeko, independentzia lortzeko kaleak hartzera deitu dute. Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohiak, 2017ko erreferendumeko figura nagusietako batek, hitzaldien txanda irekiko duela iragarri dute. Eta Carles Puigdemontek itxiko du, bide telematikoz.