Kantuz Kantu

All Stories

KORRIKA KANTUZ KANTU: XABIER SALDIAS

Hirugarren Korrikaren kantua Egan taldearen esku joan zen. Ez zen Korrikako antolakuntzak egindako proposamen zuzen bat izan, Egan taldeak erabaki baizuen kantua egitea Korrikak taldekideengan sortu zuen zirrara medio. Robert Palmer musikariaren abesti bat hartu, eta horren gainean idatzi zuen letra Xabier Saldias abeslariak. Kantuan euskararen arnasgune izan diren Kilometroak, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez edota Herri Urrats ekimenak aipatzen dira besteak beste. 80. hamarkadan arrakasta itzela lortu zuen Egan taldeak, eta 40 urte geroago hor darrai Xabier Saldias abeslaria agertokietan barna. Zarautzen bildu gara Xabierrekin, Korrikaren hirugarren edizioko kantua gogora ekartzeko.

KORRIKA KANTUZ KANTU: NEREA URBIZU

Urteak atzera Katamalo taldean ezagutu genuen gehienok Nerea Urbizu musika eta poesia uztartzen, eta azken urteetan Ene Kantak egitasmoan murgilduta dabil buru belarri. 2022ko Korrika kantua egiteko proposamena ilusioz baino kezkati hartu zuen, horrelako kantu berezi batek dakarren erantzukizuna medio. Kantatzeko hiru ahots ezberdin nahi zituen, eta bide horretan, Sustrai Colina bertsolariak egindako letraren gainean emakume belaunaldi ezberdinak bildu nahi izan ditu, Anari Alberdi eta Ane Garcia gonbidatuz abestira.

Lekunberriko trenbide zaharrean elkartu gara Nerearekin aurtengo korrika kantuaren inguruko xehetasunak ezagutzeko.

KORRIKA KANTUZ KANTU: XABI SOLANO MAIZA

Esne Beltza taldeko abeslari eta trikiti-jolea da Xabi Solano, eta euskara izan du ardatz nagusi bere musika bide osoan. 2013ko Korrikaren kanta egitea egokitu zitzaien Esne Beltzako lagunei, eta ongi ditu gogoan kantua egiteko pasadizoak. Biktoriano Gandiaga idazlearen olerki batek zabaltzen zuen kantua, eta Jon Garmendia 'Txuriak' borobiltzen zuen bere hitzekin. 'Bagoaz' leloa eraman zuen abestiak, eta euskara mundura zabaltzeko deiadar argi bat izan zen. Oraindik orain Esne Beltza taldearen kantu zerrendan ohiko kantua da honakoa.

Ereñozuko bidean egin genuen hitzordua Xabirekin, kantuaren nondik norakoak ezagutzeko.

KORRIKA KANTUZ KANTU: INES OSINAGA URIZAR

Korrikak garaian garaiko kantuak izan ditu. Bertsotan egin zen Korrikaren lehen edizioko kantua, eta Gose taldeak trikia eta elektronika uztartu zituen 2011 urtean. Gose taldeak sortu zuen kantua, eta Goseko taldekideek idatzi zuten letra, 'Euskalakari' leloa erabiliz. Korrika egiteko erritmo elektroniken gainean Ines Osinagaren ahotsa eta trikia nagusitzen zen, euskara pausoz pauso egindako bidea dela aldarrikatuz.

Arrasateko Monterron parkean bildu gara Ines Osinagarekin kantua gogora ekartzeko.

KORRIKA KANTUZ KANTU: PORROTX ETA MARIMOTOTS

'Txis Pun, Korrika!' izena eraman zuen Pirritx Porrotx eta MariMotots pailazoek Korrikarako egin zuen kantua. 2007 urtean sortu zen abestia, Korrika Txikia ekimenerako, Xabier Zabalak egin zuen musika eta pailazoen esku joan zen letra. Hasera batean etxeko txikientzako egindako kantua da honakoa, baina arrakasta handia izan zuen nagusiagoen artean ere. Azken finean, denon gustuko izan zen 'Txis Pun, Korrika!' abestia, eta ikastoletan eta ikastetxeetan ohiko kantua den arren, sarritan entzun izan da Txosnagune eta herriko jaietan.

Villabonako Gurea antzokian bildu gara Porrotx eta MariMototxekin kantuaren inguruko pasadizoak ezagutzeko.

KORRIKA KANTUZ KANTU: JOSEBA TAPIA

Tapia eta Leturia trikitilariek egin zuten 8. Korrikaren kantua, 1993 urtean. Tapia eta Leturia bikote ezaguna zen garai horretan eta zeharo asmatu zuten 'Aide Korrika' abestiarekin. Bikoak 'Zydeco' estiloko doinuak hautatu zituen kantuaren erritmorako, korrika modu askean egiteko melodia ezin hobea. Jon Sarasua bertsolariaren hitzak musikatu zituzten 'Aide Korrika' abestian, eta bertan, Korrika egiteko mila modu aipatzen ziren: añiketan, laisterka, atxintxika, takarraran, saltaka eta korrika.

Zubietan bildu gara Joseba Tapiarekin, 1993an egin zuten kantua gogora ekartzeko.

KORRIKA KANTUZ KANTU: IÑAKI ORTIZ DE VILLALBA

'Ongi etorri lagun!' leloa eraman zuen 2009ko Korrikak. 16. edizioa izan zen, eta Betagarri taldeari eskatu zioten kantua egitea. Betagarri talde ezaguna zen gurean garai horretan. Hamarkada luze bat baino gehiago zeraman taldea agertoki gainean Euskal Herria dantzan jartzen, eta biziki pozik hartu zuten Korrika kantua egiteko mandatua.

Betagarri taldeko ahots nagusia izan zen Iñaki Ortiz de Villalba izan dugu gurean lagun kantua gogora ekartzeko, eta Betagarriren kantu zerrendan urteetan zehar ezinbesteko kantua izan zela aipatu digu, beste bitxikeri batzuen artean. Jon Maia bertsolari eta kantugileak idatzi zituen berriz edizio horretarako hitzak, eta abestian zehar euskarara gerturatzeko gonbita egiten du hitzetan zehar, euskara mundu osora zabaltzeko. Gasteizen bildu gara Iñakirekin, Zeledon lagun, Korrika amaiera ederrak bizi izan dituen balkoi mitikoan.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image