Image

Nafarroa Gaur

All Stories

Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak ez du bat egingo Iruñeko Udalaren eraso sexisten aurkako kanpainarekin

Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean Iruñeko Udalak hartutako jarrera gaitzetsi du Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak. Enrique Maia alkateak sexu indarkeriaren aurkako kanpaina "edukiz hustu" duela salatu dute: “Kanpaina benetako iruzurra da. Berandu eta gaizki iritsi dira, berandu eta gaizki iritsi diren bezala auzoetako jaietara”.
Horrez gain, erabakiak “alde bakarrez eta ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe” hartu dituztela salatu dute.

Azkenik, talde feministek maiatzaren 12an izan zuten kanpainaren berri, udalaren aldetik. "Orain arteko kanpainetako esku gorri ikonikoa bigarren mailan utzia zuten, ohiko leloa ere desagertu zen, eta sanferminekin loturarik ez duen beste bat proposatu zuten: 'Aske, ni beti aske'. Horrez gain, esan ziguten ez zituztela ohiko euskarriak erabiliko: iragarkirik ez garraio publikoan, ez bideorik, ez irrati-telebistarako piezarik, ezta agertokietan jarri beharreko afixarik ere".

Guzti honen aurrean, talde feministak sanferminetako sexu erasoen aurkako mahaitik altxatzeko erabakia hartu dute.

Euskararen alde milaka nafarrek Iruñeko kaleak hartu dituzte

Milaka nafarrek euskararekiko diskriminazioarekin bukatzeko eskatu diote Gobernuari. Euskalgintzaren Kontseiluak deiturik, PAI legearen aurka eta euskararen eta justizia sozialaren alde hartu dituzte Iruñeako kaleak. Nafarroako Gobernua prestatzen ari den Merezimenduen dekretuaren eduki baztertzaileei desadostasuna adierazteko eta eskubide berdintasuna aldarrikatuz Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak zera azpimarratu du: “Oso larria iruditzen zaigu euskararen ezagutza kontuan hartu ez eta Nafarroan berezkoak eta ofizialak ez diren hizkuntzenak baloratzea”. Ikasketa bukatzerakoan, ikasleen %60k euskararen inguruko noziorik ez duela gaineratu du.

Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz, PAI legea 'berdintasunaren aurkako kolpea' izan da

Maiatzak 7rako manifestaziora deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak, hainbat bazkiderekin batera, besteak beste, AEK, IKA, Sortzen, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz eta Emun, bai eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia ere.

Kontseiluak oso larritzat jo du Nafarroako Parlamentuak PAI programa eredu bihurtzeko hartutako erabakia. “Berdintasunaren kontrako beste eraso bat da” azpimarratu du. Horregatik, Nafarroako Gobernua prestatzen ari den dekretu baztertzailearen eta herritar guztion eskubideen alde Iruñeko kaleak betetzeko manifestaziorako deialdia egin du. Antoniutti Parketik abiatuko da 17:30ean.

Maria Solana: 'PSNren norabide aldaketaren erakuslea izan da PAIrekin gertatu dena'

Nafarroako Parlamentuak PAI ingelesez ikasteko programa blindatu du; sozialisten eta Navarra Sumaren botoekin. Horrela, ingelesezko irakaskuntza programa D ereduaren pare jarri dute.

Hiruko gobernuaren baitan irekitako arrakalaren erakusle izan zen osteguneko osoko bilkura, Geroa Baik eta Nafarroako Ahal Duguk kontra bozkatu dutelako. Modu bertsuan egin zuten Izquierda-Ezkerra (I-E) eta EH Bilduk ere.

Maria Solana Geroa Baiko parlamentaria eta aurreko legealdiko Hezkuntza kontseilariak gogor salatu du aurrera eraman izana PAI legea. Proposamen bat izatetik Foru Legea izatera heldu da, eta hori "oso grabea" dela adierazi du. Izan ere, hiruko gobernua eratuta dagoela gogoratu du parlamentariak.

Arauari dagokionean, PAIren jatorria Barcinaren gobernuak duela hamar urte sortutakoa dela azaldu du D eredua "oztopatzeko" modu gisara. Horren aurrean, urteetan zehar horren aurka egiten saiatu direla nabarmendu du. Ordea, aurrera atera da, eta lege berriaren segurtasun juridiko ezari buruz ohartarazi du. Navarra Sumaren "hiru zuzenketa larri" hartzen du legeak Solanaren hitzetan. Honen aurrean, Nafarroako Kontseiluari azterketa egin dezala eskatu dio Geroa Baik.

'Zuti gitezen berriz!' lemapean jendetza batu da Baigorrin Nafarroaren Egunean

‘Zuti gitezen berriz!’ lemapean jendetza batu da Baigorriko herrian, Nafarroaren Egunean. Desfileak, dantzariak, basaldunak, txistulariak… giro ezin ederrez busti da Baigorri bi urteko etenaren ondoren. Nafarroaren Eguna 1979an antolatu zen lehen aldiz. Ordutik sekula ez du hutsik egin Covid-19a iritsi arte. Horregatik, ‘Zuti gitezen berriz!’ leloarekin, Nafarroaren Egunaren itzulera islatu nahi izan da.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image