Skip to main content

Maria Solana: "Madrilgo lurrikarak erreplikak izango ditu Nafarroan"

Nafarroa Gaur

Maria Solana Geroa Baiko parlamentaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Madrilgo Gobernuan gertatu den polemikaz galdetu diogu parlamentariari, eta adierazi du "lurrikara" horren uhina Nafarroan ere sentiarazi nahi dutela, estatuko alderdiak bertan ere badaudelako. Nabarmendu du pasa den legegintzaldian gai izan zirela 'Gobernuaren aldaketa' eratzeko, eta gobernu bati eraginkortasuna emateko koalizio edo alderdi bakoitzak bere "ardura" duela dio: "Hor ikusten da zerri ematen zaion garrantzia gehiago". Zentzu horretan, Espainian adostasun "handiak" lortzeko "kultura politiko falta" nabaritzen duela dio.

Trafiko eskumenen transferentzia izan du hizpide parlamentariak, eta nabarmendu du horren "zain" daudela 2018tik. Adierazi du ez luketela Nafarroarentzat "hain inportantea" den eskumen horren transferentzia berriz etetea nahi: "Oso-oso urgentea da", azpimarratu du. Autogobernuaz galdetuta, azpimarratu du ez diotela "utziko" alderdi sozialistari hori "baztertzen": "Autogernua bultzatu egin behar da, eta hor, motel ikusten dugu alderdi sozialista Nafarroan; zer esanik ez, estatuan", salatu du.

Europako Funtsak izan ditu hizpide Solanak; adierazi du Espainiako Gobernuak "atzera bueltarik" ez duten hainbat urrats eman dituela, eta beraiek parte hartze "zuzenagoa" eta "handiagoa" eskatu diotela.

Nafarroako Parlamentuak aho batez Mikel Zabalzaren hilketa ikertzeko hartutako erabakia "inflexio puntu" izan dela dio, eta "normaltasunean eta bakegintzan" aurrera egiteko ezinbestekotzat jo du.

Pandemiak eragindako krisi ekonomikoa "oso gogorra" izaten ari dela nabarmendu du. Hainbat enpresatako langileekin hitzartu direla nabarmendu du, eta ahaleginak egiten dituztela laguntzeko. Laguntza "oso garrantzitsuak" onartu direla nabarmendu du, baina adierazi du Gobernuari "etengabe" ari direla gogorarazten "zer den urgentea". Halaber, pandemiarekin lotutako dekretuetan, "benetan garrantzitsuak diren gaietan", alderdiek bat egiteko gai garela erakutsi dutela nabarmendu du.

Geroa Bai koalizioak 10 urte bete dituela nabarmendu du, eta urte hauetan EAJk Nafarroan "zein hito garrantzitsu" egin dituen ikusita, adierazi du argi dagoela "paper garrantzitsua" jokatuko duela etorkizunean ere: "Geroa Baik badu funtsa: erreminta erabilgarria da, eta jende askorentzat alternatiba".