Skip to main content

Maria Solana: 'PSNren norabide aldaketaren erakuslea izan da PAIrekin gertatu dena'

Nafarroa Gaur

Nafarroako Parlamentuak PAI ingelesez ikasteko programa blindatu du; sozialisten eta Navarra Sumaren botoekin. Horrela, ingelesezko irakaskuntza programa D ereduaren pare jarri dute.

Hiruko gobernuaren baitan irekitako arrakalaren erakusle izan zen osteguneko osoko bilkura, Geroa Baik eta Nafarroako Ahal Duguk kontra bozkatu dutelako. Modu bertsuan egin zuten Izquierda-Ezkerra (I-E) eta EH Bilduk ere.

Maria Solana Geroa Baiko parlamentaria eta aurreko legealdiko Hezkuntza kontseilariak gogor salatu du aurrera eraman izana PAI legea. Proposamen bat izatetik Foru Legea izatera heldu da, eta hori "oso grabea" dela adierazi du. Izan ere, hiruko gobernua eratuta dagoela gogoratu du parlamentariak.

Arauari dagokionean, PAIren jatorria Barcinaren gobernuak duela hamar urte sortutakoa dela azaldu du D eredua "oztopatzeko" modu gisara. Horren aurrean, urteetan zehar horren aurka egiten saiatu direla nabarmendu du. Ordea, aurrera atera da, eta lege berriaren segurtasun juridiko ezari buruz ohartarazi du. Navarra Sumaren "hiru zuzenketa larri" hartzen du legeak Solanaren hitzetan. Honen aurrean, Nafarroako Kontseiluari azterketa egin dezala eskatu dio Geroa Baik.