Skip to main content

Arkaitz Rodriguez: "Burujabetza prozesuak ezker independentista indartsua eta bulkada soziala behar ditu"

Arkaitz Rodriguez: "Burujabetza prozesuak ezker independentista indartsua eta bulkada soziala behar ditu"

Larunbatean, irailaren 29an, egingo du Sortuk bigarren konferentzia politikoa, Iruñeko Refena erakustazokan. Ikasturte politikoko erronkak markatzeko baliatuko dute, besteak beste. Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiaren arabera, burujabetzaren bidean aurrera urratsak egitea izango da helburu nagusia.

Ezker independentista indartsua eta gizarte aktiboa izatea ezinbestekotzat jo ditu Rodriguezek, eta Sortuk bi ildoetan ekarpena egiteko erantzukizuna bere gain hartu duela ziurtatu du.

Larunbateko zitak bi atal izango ditu, eta bigarrena baliatuko dute datozen hilabeteetarako lan ildoak zehazteko. Lehenengoan, aldiz, egungo egoeraren kokapena egingo dute. Hain justu, azken ikasturteaz balorazio baikorra egin du Rodriguezek, eta gizarte mobilizazioak horren erakusle direla zehaztu du.

Lehen konferentzia politikoan, hiru lan ildo ezarri zituen Sortuk: «fronte independentista irekitzea», «neoliberalismoari aurre egitea» eta «euskal gatazkaren konponbidea». Horiek kontuan izanda, EAEn autogobernuaren eztabaidan eta euskal preso politikoen gerturatzean egindako urratsak baloratu ditu Rodriguezek.

Egindakoa baloratzeaz eta aurrera begirako erronkak zehazteaz gain, Iruñeko konferentzia baliatuko dute Hegoafrikako ordezkari bat omentzeko ere. Euskal Herriko gatazkaren konponbidean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordean partaide izandako Ronnie Kasrilsi aitortza egingo baitiote.

Iazko irailean egin zuen Sortuk lehen konferentzia politikoa, eta orduan hartu zuen Rodriguezek idazkari nagusiaren lekukoa Arnaldo Otegi ordezkatzeko. Mugimendu handiko urtea izan da beretzat, baina Euskal Herria burujabetzarako jauzi esanguratsuko aukerekin ikusten du, eta horren parte izateak asebetetzen du.


 
bannerra