Skip to main content

Aurrekontuei osoko emendakinik ez, baina pentsioetarako diru gehiago eskatu du EH Bilduk

Aurrekontuei osoko emendakinik ez, baina pentsioetarako diru gehiago eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontu proiektuari, baina pentsioetarako diru gehiago eskatu du koalizioak. Maddalen Iriarte EH Bilduko legbiltzarkideak adierazi duenez, denbora eta beste aukera bat eskainiko dizkiote Jaurlaritzari, aurrekontu proiektuari buelta bat eman diezaion.

Eusko Legebiltzarrean abenduaren 11n egingo dute aurrekontuen inguruko bozketa eta ostiral honetan amaitzen da osoko zuzenketak aurkezteko epea. Osoko emendakinik aurkeztuko ez badu ere, negoziazioan jokoan dauden pentsioen eta kalitatezko enpleguaren eskaerei ez die uko egingo EH Bilduk.

Honenbestez, asteartean Pedro Azpiazu Ogasun Sailburuak esan moduan, ez da EH Bilduren osoko zuzenketarik izango ostiraelean, eta negoziatzen segituko dute Jaurlaritzak eta koalizioak. Haren hitzetan, denek dutelako negoziazio prozesua ongi bukatzeko interesa. Eta bide beretik jo du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere asteazken honetan. Bi aldeen arteko elkarrizketa bidea irekita dagoela eta aurrekontuak onartzeko esperantza badutela zehaztu du Erkorekak.

Iriartek eta Nerea Kortajarenak, ordea, argi utzi dute izandako elkarrizketetan Azpiazurengandik jaso dituzten proposamenak oso urruti daudela pentsiodunen beharrak asetzetik. Zehaztu dute enpleguaren arloan malgutasun handiagoa egon daitekeela, baina gainerakoan pentsiodunei bizkarra ematen jarraitzen dutela jeltzaleek. Azkenik, EH Bilduk nabarmendu du Jaurlaritzari dagokiola haren ekonomia eta gizarte politiketan aldaketak egitea, aurrekontuek aurrera egitea nahi badu.


 
bannerra