Skip to main content
bannerra

Jaia une batez gelditu da gaur Bilbon gauean jasotako eraso sexistari erantzuna emateko

Jaia une batez gelditu da gaur Bilbon gauean jasotako eraso sexistari erantzuna emateko

Bilboko Konpartsek bi elkarretaratze egin dituzte gaur arratsaldean. Lehenengoan Txori Barrote konpartsari babesa adierazi diete. Horrez gain, Euskal Presoen argazkiak zeunden tokian argazki beltzak jarri dituzte konpartsa desberdineko kideek “Adierazpen askatasuna” aldarrikatuz. Bigarrenean, berriz, eraso sexisten aurkako protokoloa aktibatu dute. Txosnak itxi eta “Erasorik ez. Ez jaietan, ez inoiz” lema zeraman pankartarekin batu dira Boulevard zaharraren aurrean. Goizean, berriz, aparteko giroa izan da protagonista eta patata tortilla lehiaketa handiak jendez bete du jai gunea. Izan ere, goizeko 8:00ak aldera, txosnak itxi eta garbitzaileek jai gunea txukuntzen duten bezain pronto heltzen dira lehenengo partaideak Areatzara janaria prestatzen hasteko leku apropos baten bila. Gastronomiko hau da partaide gehien biltzen dituena eta leku on bat hartzeko goizean goiz heldu behar da. Aurten ere 400 tortilla baino gehiago aurkeztu dira, eta epaimahaiak lan izugarria izan du onena zein den aukeratzen. Horrez gain, Algara Konpartsan etxeko txikiek ogia nola egiten den ezagutzeko aukera eduki dute. Bertan, ogia egiteko tailerra antolatu dute eta umeek beraien ogia egiteko aukera eduki dute. Atzekaldean berriz, gazteen eguna ospatu dute. Arratsaldean, Aste Nagusiko beste klasiko bat ospatu da, Abante konpartsak antolatzen duen mus txapelketa. Pasa den urtean, lehen aldiz, emakume batek eraman zuen txapela etxera eta gero eta gehiago dira izena eman eta parte hartzen dutenak. Emakumeek ere beste leku berezi bat daukate Bilboko Aste Nagusian. Mamiki Konpartsak urtero antolatzen du emakumeen bertso saioa. Aurten, bertan izan dira Onintza Enbeitia, Iratxe Ibarra, Jone Uria, Oihane Perea eta Maite Berriozabal gai-jartzaile lanak egiten.

 
bannerra

bannerra