Skip to main content
bannerra

Lemoan izango da Jarrairen 40. urtemugako Gazte Topagunea

Lemoan izango da Jarrairen 40. urtemugako Gazte Topagunea

Aitzina eta Ernai gazte antolakundeek antolatuta, Lemoan egingo dute 2019ko Gazte Topagunea, apirilaren 19tik 22ra. Hala argitu dute azken egunotan sarean sortutako misterioa, non egingo den gazte antolakundeen sorreraren 40. Urtemugako topagunea. ‘Porra’k eta apustuak egin dituzte azken egunotan sare sozialetan, taberna eta gaztetxeetan, tokia asmatzen ahaleginduta. ‘Askatasun bulkadak independentziara!’ lelopean, Arratiako herria «aldarri, borroka, kolore, bizipoz eta doinuz» bete nahi dute.

Jarrairen sorreratik 40 urtera izango da, beraz, Lemoako topagunea eta 2019ko udaberriko data borobila baliatuko dute Aitzinak eta Ernaik egun ezker abertzaleko gazte mugimenduan ari direnak, aurrez aritutakoak eta etorkizunean arituko direnak batzeko, irailean Leitzan adierazi zutenez.

Lemoako topaguneaz hedabideetara igorritako oharrean, herriarenganako konpromisoz, eskuzabaltasunez eta maitasunez Euskal Errepublikaren zimenduak eraikitzen ari direla nabarmendu dute eta «bulkada berrien garaia» dela iruditzen zaie, gazteen garaia, alegia.

Apirileko zita «inoizko bereziena eta ahaztezina» izateko ahalegina egingo dute. Eskaintza anitza eta zabala izango dela ziurtatu dute: hitzaldiak, mahai inguruak, mintegiak, formazio tailerrak eta abarrak antolatuko dituzte. Baita Euskal Herriko eta nazioarteko musika taldeek osatutako «festibal erraldoia» ere. Berezitasun gisa, berriz, Gazte Sortzaileen Plaza atontzeko asmoa iragarri dute. Euskal Herriaren kultur eraikuntza irudikatuko dute musika, bertsolaritza, literatura, marrazkigintza eta beste hainbat diziplinatan lanean ari diren gazte sortzaileen eskutik. Hori guztia eraikitzeko, noski, ezinbestekoa izango da auzolana eta, lehen aldiz, auzolan egun bateratuak egingo dituzte Lemoan.


 
bannerra

bannerra