Skip to main content

Osakidetzako lan eskaintzaz ikerketa abiatu aurretik, "azken aukera" eskaini dio EH Bilduk Darponi

Osakidetzako lan eskaintzaz ikerketa abiatu aurretik, "azken aukera" eskaini dio EH Bilduk Darponi

Osakidetzako azken lan eskaintza publikoan salatutako irregulartasunen aurrean, eta Eusko Jaurlaritzako profesionalak hautatzeko sistema berrikusteko konpromisoa hartu duenean, Osakidetzako zuzendaritza berritzeko eskatu du EH Bilduk. Rebeka Ubera legebiltzarkideak ikerketa batzorde baten sorrera proposatzeko asmoa agertu du, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak erantzukizunak onartzen ez baditu. Uberaren hitzetan, auzitan dagoen bakarra ez delako lan eskaintza publikoaren funtzionamendua.

Darponek berak astelehenean iragarri zuenez, Osakidetzako profesionalak aukeratzeko sistema berrikusi egingo du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Prozesu horretarako oinarri gisa, Rafael Jimenez Asensio EHUko Zuzenbide doktoreari eskatutako txosten bat baliatuko dute. Bertan jasotzen diren aholkuen artean daude lan eskaintza publikoetarako epaimahaikideak gehienez hiru edo bost izatea, eta zozketa bidez aukeratzea. Baita hautaketak sarriago eta epe motzagoetarako egitea ere.

Jimenez Asensioren proposamenarekin gonbita egin die Darponek alderdi politikoei Osakidetzako lan eskaintza publikoa hobetzeko. Uberak, ordea, harago jo behar dela uste du: Osakidetzako zuzendaritza aldatzeko eskatu dio Darpon sailburuari, ohartarazi du ez dela nahikoa etorkizunerako neurriak iragartzea, eta ikerketa bat behar dela erantzukizunak argitze aldera.

Koalizioak joan den uztaileak erregistratu zuen Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat osatzeko eskaera. Eta erantzukizun politikoak orain onartu behar direla nabarmendu du Uberak.

Gobernu kontseiluaren ondorengo agerraldian, kazetarien galderei erantzunez, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere hartu du hizpide Osakidetzako auzia. Haren hitzetan, lan eskaintza publikoko gora-beherak hasi zirenetik, behar adina urrats eta behar den moduan egin dira egoera bideratzeko.


 
bannerra

bannerra