Ekonomia

All Stories

Hiruk positiboki baloratzen du Eusko Jaurlaritzarekin izandako bilera

Garraiolarien grebak hamar egun bete duen honetan, Hiru sindikatuak ibilgailurik gabeko protesta egin du Gasteizen. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuordearekin bildu da, Lakuari eskatzeko sektoreak bizi duen krisian esku har dezala. Bestalde, Merkantzia garraioaren sektoreari laguntzeko neurriak iragarri ditu Espainiako Gobernuak, eta Sanchezen esanetan asteon akordioa egongo da errepideko garraiolariekin. Iragarpen horrek, baina, ez du garraiolariek abiatutako greba mugagabea gelditu. Are indar handiagoa hartu du lanuzteak, eta eragina, gainera, gero eta nabariago da, esaterako, CAF, Sestaoko ACB eta ArcelorMittal Olaberria egungo egoeraren eraginpean daude. Eta horrez gain, EAEko baxurako ontziek datorren astelehenera arte jarraituko dute itsasoratu gabe.

Garraio sektoreko protestak areagotu dira, eta patronal handi batzuek greba babestu dute

Garraio sektorearen protestak areagotu dira grebaren bederatzigarren egunean, bestea beste, Tradisnak martxa motela egin du Nafarroan, sektorearen egoera kritiko eta jasangaitza salatzeko. Azken orduetan, gainera, hainbat patronalek, tartean Fenadismerrek, grebarekin bat egitea erabaki dute, Espainiako Gobernuak astelehen honetan agindutako laguntzetan zehaztasun falta ikusita.

Bizkaiko zahar-etxeetako gatazkan Aldundiaren arduragabetasuna salatu dute ELAk eta LABek

Bizkaiko zahar-etxe pribatueko langileek hirugarren greba eguna dute gaurkoa, LAB eta ELA sindikatuek deitu dute lanuztea. Lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzen dute, baita lan gatazka patronalek erakutsitako interes falta ere. Era berean, Bizkaiko Aldundiak ez duela bere gain hartzen berezkoa duen ardura nabarmendu dute sindikatuek, eta, horregatik, inplikazioa eskatu diote.

Lehen sektorea kezkatuta, lehengaien garestitzeak arriskuan jarri duelako beren ekoizpena

Lehen sektorean jarduten duten nekazari eta abeltzainak kezkatuta daude, prezioen gorakadak arriskuan jarri baitu beren ekoizpena. Egoera aztertzeko, nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta basogintza sektoreko ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira eta honek iragarri du Elikaduraren Kateko Behatokia sortuko duela. Bien bitartean, EH Bilduk batzorde bat eratzeko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean, egoerari "erantzun bateratua" emateko helburuarekin. Proposamena, ordea, gaur goizean eztabaidatu dute osoko bilkuran, eta aldeko 27 botorekin eta aurkako 47rekin ez da onartu.

EHNE: 'Esne-ekoizleentzat garraiolarien grebak eragin oso kaltegarriak sortu ditzake'

Laugarren eguna dute garraiolariek. Grebaren oihartzuna gero eta handiagoa da eta zenbait sektoretan nabaritzen hasiak dira garraiolarien lanuzteak. Arrantzaleak, esaterako, ez dira astelehenera arte itsasoratuko eta Espainiako esne-industria Federazioak adierazi duenez, jarduera etengo du. EHNEk, bere aldetik, grebaren eragina "oso kaltegarria" izan daitekeela adierazi du.

Garraiolarien grebaren ohiartzuna handitzen doa

Garraiolarien grebak hirugarren eguna du gaurkoa, eta bietan bezala, Bilboko portuan ari da gehien nabaritzen, bertan diharduten garraiolari gehienek grebarekin bat egin baitute. Hala ere, gaurko giroa lasaiagoa izan da, ez baita piketerik egon sarreran. Lan uzteaz gain, gainera, protestak egin dituzte, gaur, Gasteizen egin dute, eta bart, Iruñean. Edonola ere, grebaren oihartzuna handitzen doa, oraindik, patronal handiek ez dute bat egin, baina atzo TransportBilbaoko kide asko gehitu zitzaizkien.

Garraiolarien bigarren greba egunak Bilboko Portuan eta Nafarroan izan du eragina

Bigarren greba eguna dute garraio sektoreko langileek, besteak beste, erregaiaren prezioa jaisten ez bada, ezin dutela biziraun salatzen dute. Hego Euskal Herrian bi elkartek babestu dute Garraioaren Defentsarako Espainiako Plataformak eginiko deialdia: Hiru sindikatuak eta Tradisna Nafarroako garraio sektoreko patronaletako batek. Aurreko jardunaldian bezala, batez ere Bilboko Portuan eta Nafarroan izango du eragina, eta goizean piketeak egin dituzte grebalariek. Horrez gain, 150 bat kamioi Galarretik Iruñera abiatu dira goizean, protesta hiriburuko erdigunera eramateko.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image