Ekonomia

All Stories

Argindarra, gasa, lehengaiak eta garraioak garestituta eta ekilore olioaren inportazioa etenda

Euskal Herria hasia da nabaritzen Ukrainako gerraren ondorioak. Argindarraren eta gasaren prezioak iazkoekin alderatuta zortzi aldiz biderkatu dira. Energien garestitzeari lehengaien prezioen igoera batu zaie, eta itsasoko garraioa ere ikaragarri garestitu da. Elikagaien sektorean, bestalde, kezkatuta, Ukraina baita ekilore olioaren munduko produktore nagusia, eta gerrak eten egin ditu inportazioak. Testuinguru honetan, jarduna eteten hasi dira zenbait enpresa.

Tradisnak eta Hiruk bat egin dute garraiolarien grebarekin

Prezioen igoeraren adibiderik garbienetako bat da erregaiaren prezioarena. Bada, Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko milaka garraiolarik greba mugagabea hasi dute, erregaiaren etengabeko prezio igoera tarteko. Hiru sindikatuak eta Tradisna Nafarroako Garraiolarien Elkarteak bat egin dute Espainiako Garraioaren Defentsarako Plataformak deitutako lanuzte mugagabearekin.

Greenpeacek salatu du Bilboko portutik sartzen den gasak Ukrainako gerra finantzatzen duela

Bilboko portura Errusiako gasa heldu da. Europako Batasunak, oraingoz, ez du debekurik ezarri, baina beste merkatu batzuetatik inportatzea aztertzen ari da, bai hobien bidez, bai gasontzietan. Hori bai, Europako Batasunean Errusiako gasa eta petrolioa inportatzen jarraitzearen kontrako ahotsak ugaritu egin dira azken egunetan. Bada, Greenpeacek protesta-ekintza egin du Errusiatik iritsitako gasontziaren aurrean, ‘Gerrari ez’ eta ‘Gasak gerra finantzatzen du’ lelopean, salatu dute Bilboko portutik sartzen den gasak gerra finantzatzen duela.

Euskal enpresen hamarretik lauk ez dute emakumerik zuzendaritza-postuetan

50 langile edo gehiago dituzten EAEko zenbait sektore ekonomikotako 1.000 enpresa pribatu baino gehiago analizatu ditu Bizkaiko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (AED) Spri Taldearen laguntzarekin. Azterketa horren emaitzaren arabera, administrazio-kontseiluetan emakumeen presentzia % 19ra mugatzen da, eta %24k bakarrik betetzen dituzte zuzendaritza-postuak. Baina Isabel Iturbe Bizkaiko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko presidenteak adierazi du harrigarriena dela ia % 44k ez duela emakumerik zuzendaritzan.

Adifek iragarri du 3 milioi euro inbertituko dituela Zumarraga-Gabiria bitarteko trenbide zatian

Adifek iragarri du 3 milioi euro inbertituko dituela abenduaren 9an Zumarraga-Gabiria trenbidean izandako euri-erauntsiak Erizmendi tunelaren ahoan eragindako kalteak behin betiko konpontzeko.

Aldiriko tren baten lehen bagoiak talka egin zuen euriteen ondorioz izandako harri-jausi batekin. Gertakarian ez zen inor zauritu, baina bidea bost egunez itxi behar izan zuten.
Hurrengo egunean, Semaf sindikatuak adierazi zuen makinistaren erreakzio azkarrak kalte handiagoa ekidin zuela. Abiadura handiko sarea ohiko sarearen gainetik mantentzea lehenesten ari dela ere salatu zuen, eta istripua trenbidearen mantentze txarrari egotzi zion. Horrela, azpiegitura hobetzeko eskatu zien Espainiako Gobernuko Garraio Sailari eta Adifi.

Ia hiru hilabete geroago, Adifek iragarri du 3 milioi euro baino gehixeago inbertituko dituela kaltetutako eremua erabat konpontzeko.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image