Skip to main content

Erabateko jarraipena izan du Bizkaibuseko grebak, gaur bilduko dira hitzarmenaren negoziazio mailan

Ekonomia

Zazpiehun langile baino gehiagok egin dute bat astelehenean Alsa eta Vectaliaren kudeaketaren aurka egindako geldialdiarekin. Bizkaibuseko langileek mobilizazioak egin dituzte goizetik Bizkaiko hiriburuan, hitzarmen "duin" baten alde.

Hamabi greba egun deitu dituzte 2023ko lehen hiruhilekorako; lehenengoa astelehen honetan. Era berean, urtarrilaren 19an, 25ean eta 31 egingo dute planto, baita otsailaren 6an, 16an, 22an eta 28an ere. Martxorako lau greba egun deitu dituzte: 6an, 16an, 22an eta 28an.

Vectalia Enkarterriko langileak ere 24 orduko lanuzteak egitera daude deituta egun horietan, urtarrilaren 19an salbu.

EMBko batzordeak hitzarmen “duin” bat eskatu du, langile guztiek lan-baldintza berberak izan ditzaten. Bestalde, ELA sindikatuak "enplegua bermatuko duen Bizkaibusen kudeaketa publikoa" eskatu du, eta Batzar Nagusiei "bi multinazionalek sortu duten gatazka baten konponbidean esku hartzeko" eskatu die.