
LABek salatu du Osasunbideko hamar mediku enpresa pribatuetan ari direla lanean, esklusibotasuna kobratu arren
Imanol Carrera LABeko koordinatzaileak ostegun honetan eman du horren berri Iruñean egindako agerraldian. Esklusibotasuna, 800-1.100 euro inguruko gehigarria izaten da, eta berez, hori kobratuta osasun sistema publikoan bakarrik jardun behar dute langileek.
Karrerak azaldu du legez kanpoko jarduera horiek oso sustraituta daudela Osasunbidean, eta eskatu dio Foru Gobernuari miaketa zorrotza egin dezala kasu guztiak azaleratzeko. Kasu horiei gehitu behar zaio otsailean LABek azaleratu zuen beste kasu bat.
Halaber, Karrerak dei egin du larunbat honetan 17:30ean Iruñean osasun publikoaren alde egingo den manifestazioan parte hartzera.