Image

Politika

All Stories

Egiari Zorrek Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoratu ditu Bilbon

Egiari Zorrek Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoratu ditu Bilbon. 38 eta 33 urte bete dira hil zituztenetik.

Edurne Brouard eta Ane Muguruza izan dira krabelin gorriak uzten lehenengoak; Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren alabak. Ekitaldian azpimarratu dute, Santi eta Josu ez direla Estatuaren ez lehen ez azken biktimak izan. Egiari Zorrek adierazi du Espainiako Gobernuarekin lotutako talde armatuek min, sufrimentu eta zigorgabetasun arratso luzea utzi zutela Euskal Herrian. Berebat, erantzukizun politikoak aitortzea eskatu dute.

Maria Solana, Geroa Bai: 'Gure etorkizuna erabakitzeko autogobernu sendo bat behar dugu'

Hamaika Telebistak Nafarroan Geroa Baiko parlamentaria den Maria Solana elkarrizketatu du. Irulegiko aurkikuntzak euskararen estatusean aldaketak ekarri ote ditzakeen, edota datozen hauteskundeei begira Uxue Barkos edo Joseba Asironen itzulera aurreikusten ote duten galdetu diogu. Erdizko meategiaren gatazka, suhiltzaileen protestak edota autogobernuaren inguruan mintzatu da ere Solana. Elkarrizketa osorik.

EH Bilduk Bilbotik Nafarroara eramango du olatua, abenduaren 2an

Azaroaren 12ko manifestazioaren balorazio positiboa egin dute. Antolatzaileen arabera, 20.000 manifestarik baino gehiagok parte hartu dute mobilizazioan; Bilboko Udaltzaingoak, berriz, 12.000 inguru izan direla adierazi du.

EH Bilduk ekitaldi politikoa antolatu du abenduaren 2rako, Nafarroaren Egunaren bezperan, Iruñeko Labrit pilotalekuan, Arnaldo Otegi, Laura Aznal eta Joseba Asironen parte-hartzearekin. Bakartxo Ruizek azaldu duenez, "larunbatean Bilbon hasi zen olatua altxatzen jarraitu" nahi dute. Ruizek nabarmendu egin du EH Bilduk "kaletik, jendearekin eta jendearen eskutik" egiten duen lana, horrela egin behar direlako "eraldaketa sakonak". “Nafarroa ezkertiarra, subiranista eta feminista nahi dugu”, gaineratu du.

Beste hamabost lagun deitu dituzte deklaratzera Ibai Aginaga euskal presoaren ongietorrian parte hartzea egotzita

Tinko amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako erakundea salatu duenez, Espainiako Audientzia Nazionalak 15 pertsona deklaratzera deitu ditu azaroaren 17 eta 18rako, Ibai Aginaga preso ohiaren ongietorrian parte hartzea leporatuta. Abuztuan beste hiru pertsona deitu zituzten arrazoi berberagatik.

Aginaga, hogei urte inguru preso egon ostean, martxoan atera zen Basauriko kartzelatik, eta ongietorria egin zioten Berangoko frontoian. Vox alderdi politikoak, Villacisneros fundazioak eta Dignidad y Justicia taldeak salaketa aurkeztu zuten ekitaldiaren harira, eta, horri erantzunez, ikerketa bat abiatu zuten.

Auzipetuek ohar bat plazaratu dute gertakizunak salatzeko. Bertan, jarraipenak eta antolakunde politikoen gaineko kontrola salatu dituzte. Azaroaren 19an prentsaurrekoa egingo dute Berangon.

Urtarrilaren 7an presoen eskubideen aldeko aldakarriek Bilbo beteko dute

‘Etxera Bidera Gertu’ lelopean duintasuna,bizikidetza eta euskal preso eta euren familiei eragiten dien giza eskubideen errespetuaren exijentzia eramango dute kalera Sarek eta Bakegileek. Bi urteko etenaren ostean, urtarrilaren 7an Bilbon euskal presoen eskubideen aldeko mezuak lau haizetara zabalduko dira. Izan ere, urruntze politikari amaiera emateko atarian egon arren, oraindik hemeretzi presok urrunduta jarraitzen dute.

Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak Loiolako kuartelen salerosketa egiteko akordioa itxi dute

Salerosketa 73,3 milioi euroan adostu dute eta hitzarmena urtearen amaieran edo 2023aren hasieran sinatuko dute. Hortik aurrera, lurrak udalarenak izango dira.

Egitekoak dituzten lanen artean daude bi zubi berri eraikitzea eta lurzoruaren maila bi metro igotzea, uholdeak eragozteko. Eremua 17,5 hektareakoa da, eta, Goiaren hitzetan, 1.500 - 1.700 etxebizitza inguru egiteko aukera izango du udalak.

Egungo kuarteleko bi eraikin mantenduko ditu udalak, eta horiek ekipamendu publikoetarako erabiliko ditu. Defentsa Ministerioak lau urte barrurako hustu beharko ditu instalazioak.

Eneko Goiaren iritziz, akordioa historikoa da; izan ere, hiriaren garapenerako giltzarri izango da dira.

Zazpi euskal preso gehiago Euskal Herriratuko dituzte

Hauek dira: Iñigo Guridi Lasa, Asier Badiola Lasarte, Iñaki Bilbao Goikoetxea, Orkatz Gallastegi Sodupe, Fermin Vila Mitxelena, Iñigo Zapirain Romano eta Alberto Viedma Morillas.

Alberto Viedma Morillas nafarra Salamancako Topasetik Iruñeko kartzelara ekarriko dute. Lekualdatuko dituzten gainerako sei presoak zein kartzelatara mugituko dituzten zehazteko dago.

Urrats hau gauzatzen denean, hogei baino gutxiago izango dira Estatu espainolean, Euskal Herritik kanpo, diren euskal presoak.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image