
Politika
All Stories
Igandean, apirilaren 17an, ospatu zen 2022ko Aberri Eguna milaka pertsonen berotasunarekin. "Euskal Errepublika. Bakea, burujabetza, demokrazia" lelopean, EH Bilduk manifestazioa egin zuen Iruñean, eta bertan, ekitaldi politikoan, hitza hartu zuten besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko alkate ohiak, Ernaiko Izar Hernandok eta Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentariak. Bestalde, “Euskadi aske” bat eskatuz, Bilbon, EAJko hitzaldian Iñigo Urkullu Lehendakaria eta EBBko buru Andoni Ortuzarrek hitz egin zuten.
Euskal Herria Baterak Abadiako Adierazpena aurkeztu du Aberri Egunaren bezperan Urruñan, Aberri Eguna mundu zabalean ospatzeko keinuak plazara ateratzea deituz eta euskal ereserkiak abestera animatuz.
Hitza hartu dute besteak beste, Maitena Diribarne eta Mattin Rafu Ruiz de Alda Laaksonen ekitaldiaren sustatzaileak; diasporaren izenean Julieta Gaztañaga eta Carlos Etxepare; eta Ines Osigana musikaria eta Ximun Fusch antzerkilaria.
Konpromisoa hartu dute euskal jendarteak bere egin dezan Aberri Egunaren ospakizuna, herrigintzan batera jarduteko gogoa piztuz. "Gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa. Goretsi dezagun batera egiteko gai garena. Korapilatu gaitezen elkarri, askatuko gaituzten loturak adostu arte".
Amaiurko gazteluko gudaren bosgarren mendeurrenaren harira, Amaiurko abesbatza izango da aurtengo Aberri Eguneko ereserkietako bat interpretatuko duena. Asteburu honetan aritu dira grabazio lanetan Batera ekimenak babestuta.
Egiarako Eskubidearen Nazioarteko Egunari lotuta, Estatuaren bortxa pairatu duten biktimak aitortu gabe daudela gogorarazi du Egiari Zor Fundazioak.
Egiari Zor fundazioko kidea den Ixone Fernandezek azaldu duenez, giza eskubideen urraketa jasan zuten pertsona batzuk aitortuak izan dira eta legeak ematen dizkien eskubideak erabili ahal izan dituzte. Hala ere, Estatuak eragindako bortxa pairatu duten gehienen abiapuntua oso bestelakoa dela azaldu du; "urte askotako ukapenaren ondoren, egin zigutenaren egia ezartzeko borrokan jarraitzen dugu, heriotza eta giza eskubideen urraketa bakoitza, salbuespenik gabe, ofizialki erroldatu, aitortu eta erreparatu dadin". Halaber, kasu gehienetan "gertatutakoaren egia itzalez eta argitu gabeko galderez inguratuta" dagoela gogoratu du Egiari Zor fundazioak. Horrez gain, Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa eta heriotza askoren inguruan egia ezartzeko lanean jarraitzen dutela azpimarratu dute. Egia eskubide bat den aldetik, 'Egia jakiteko garaia da' ekimena jarri du martxan. Hemen prentsaurrekoaren zati bat.
Eusko Legebiltzarrak Gazteriaren Legea onartu du ostegun honetan, EAJren, PSEE eta Elkarrekin Podemosen babesarekin. Lege horrek legezko maila ematen dio emantzipatzeko eskubideari, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen eskubideak erdigunean jarriko ditu. Helburu nagusia gazteen emantzipazioaren batez besteko adina 30 urtetik 28 urtera murriztea da.
- Eudelek deituta, Ukrainari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin dituzte hainbat udaletxetan
- Aldarrikapen eta oroitzapen eguna Gasteizen, martxoaren 3ko sarraskiaren 46. urteurrenean
- EH Bilduk jarrera eraikitzailea izango du hurrengo erreformetan, baina eskubideak babestuz
- Karmele Aierberi azken agurra eman diote Ataunen
- Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa ireki dute Gasteizen
- Imanol Arzuaga, 'Kima': 'Torturapean egindako deklarazioekin ez litzateke epaiketarik egon behar'