Image

Politika

All Stories

Bete beharrik gabeko sei hilabeteko kondena batekin amaitu da Nekane Txapartegiren aurkako auzia

Txapartegik 2007an egin zuen ihes, espetxe zigorra saihesteko. Iazko apirilean Euskal Herrira itzuli zen, Auzitegi Nazionalak jakinarazi ostean ez zutela ETArekin lotura izateagatik epaituko. Espainiako Auzitegi Nazionalak sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio, dokumentazioa faltsutzea egotzita, baina ez du betetzeko beharrik izango.

Txapartegi 1999an atxilotu zuten, eta inkomunikazio aldian torturatu egin zutela salatu zuen. Auzitegi Nazionalak 11 urteko espetxe zigorra ezarri zion 2007an, ETAko kidea izatea egotzita. 2016 atxilotu zuten Suitzan, eta 2017. urtean zigorra agorturik zegoela onartu zuen Auzitegi Nazionalak eta Suitzan aske utzi zuten Txapartegi.

Asier Karrera presoaren gradu aldaketa salatzeko adierazpena onartu du Azkoitiako udalbatzak

Asier Karrerari hirugarren gradua kendu izanaren aurrean, astelehenean, Bozeramaile Batzordeak, Azkoitiko bizilagunaren egoera salatzeko adierazpena onartu du, non ebazpenen bateragarritasuna eta graduen progresioarekiko errespetua eskatzen den. Adierazpenaren alde bozkatu dute EAJ, EH BIldu eta Azkoitia Bai alderdiek.

Urritik joan zen ostiralera arte, hirugarren graduan zegoen Asier Karrera. Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, ordea, erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta Karrerak espetxera itzuli behar izan du. Udal erakundeak azpimarratu du Karrerak bere zigorraren hiru laurdena beteko duela maiatzean eta baldintza guztiak betetzen dituela hirugarren graduan egoteko.

Azkoitiko Sarek, bestalde, Karreraren egoera salatzeko elkarretaratzea du deituta asteazkenerako; 19:00etan elkartuko dira, plazan.

Agus Hernan, Foro Soziala: “Sintonia handia dago egungo diagnostikoetan”

Agus Hernan Foro Sozialeko kidearekin hitz egin dugu EPPKarekin egindako azken bilera hizpide. Bere esanetan, azken fase honetako beren helburua da beren ibilbidearen ibilbidea modu zabalean konpartitzea.
Hernanek azpimarratu du “sintonia handia” dagoela egindako diagnostikoetan, eta nabarmendu du lehenengo foroetan zehaztutako hamabi gomendioetatik hamaika “gauzatuta, gauzatzear edo gauzatzeko markoa definituta” daudela. Zentzu horretan, “marko erresolutibo integral” bat sortzen ari dela azpimarratu du. Hala ere, azkenaldian hainbat oztopo argitara ateratzen ari direla adierazi du, eta nabarmendu du “salbuespen politika” indargabetu egin behar dela.
Era berean, Foro Sozialeko bozeramaileak azpimarratu du “lan marko egonkorra” izan dutela fase honetan, zortzi bilera egin dituztela, eta dokumentu ugari elkartrukatu dituztela.

Mikel Barrios presoa baldintzapeko askatasunean geratu da, eskumuturreko telematikoa kenduta

Etxeratek jakinarazi du asteazken honetan. 34 urteko iruindarra Alemanian atxilotu zuten 2017ean eta Estatu frantsesera bidali zuten, euroagindu baten bidez. Bost urteko zigorra ezarri zioten eta helegitea aurkeztu arren espetxera itzuli zuten 2020. urteko ekainean. Urte horretako urrian askatu zuten berriz, helegitearen erabakiaren zain baitzegoen, baina 2021ko urtarrilean kondena berretsi zuen Apelazio Auzitegiak eta geroztik zigorra betetzen egon da, etxean eskumuturreko elektronikoa eramanez.

Josu Etxaburu, Gure Esku: “Burujabetza eza gero eta nabarmenagoa da”

Erabakitzeko eskubidea arautzeko eskaera egin du Gure Eskuk aste honetan Eusko Legebiltzarrean, eta Josu Etxaburuk azpimarratu du, alderdi politikoez harago, garrantzitsua dela jakitea euskal herritarrek zer dioten estatus politikoaz.
Etxaburuk onartu du euskal jendartea ez dagoela “momenturik onenean” gai honi buruz, baina nabarmendu du “burujabetza eza” gero eta nabarmenagoa dela gaur egungo jendartean, eta oraingo erronka dela “horri guztiari aurre egitea, tokiko erabakiak hartuz, eta burujabetza osoa bereganatuz”.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image