Skip to main content

Baionako auzitegia okupatu ondoren, Bakegileek ekainaren 11n mobilizatzeko deia egin dute

Politika

Maiatzaren 20an hogeita bost bat bake ekintzailek Baionako auzitegia okupatu dute. Baionako Auzitegiaren sartzea oztopatu dute, bata besteari hodi batzuen bidez lotuz. Frantziako Polizia bertaratu da; auzitegiaren barrenean zein kanpoaldean izan dira poliziak zenbait orduz, eta, azkenean, banan-banan aritu dira protestan zirenei tiraka, ateratzeko. Bortizki jardun dute, baina ez dute inor zauritu. Kanporatze operazioa bukatuta, ekainaren 11ko manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot euskal presoen askatasun eskaeren aurka Frantziako terrorismoaren kontrako fiskaltzak hartutako jarrera salatu nahi izan dute ekintzaren bidez. "Desobedientzia ekintza hau Ion Kepa Paroten eta Jakes Esnalen audientzien ondotik heldu da, berriz ere topo egin baitugu terrorismoaren kontrako fiskaltzaren jarrera oso erasokor batekin. Fiskaltzen jokamoldea salatzeko egin dugu ekintza hau, zinezko oztopoa baitira presoen etxeratzeko bidean, eta, bereziki Esnal eta Parot askatzearen bidean" adierazi dute.