Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Gernikako Estatutua defendatu du haren 43. urteurrenean
Politika
Gernikako Estatutuaren 43. urteurrenaren bezperan, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak esan du autogobernua osatu eta sakondu egin nahi dutela, "baina Estatuarekin borrokarik egin gabe".
1979ko urriaren 25ean onartu zuten Gernikako Estatutua, eta haren 43. urteurrena Beti bidean lelopean ospatu du PSE-EEk, Villa Suso Jauregian, Gasteizen.
Eneko Andueza alderdiko idazkari nagusia haren alde aritu da, autogobernua ez delako, haren arabera, “erauzitako eskuduntzen batura bat edota trukerako txanpon bat”. PSEk uste du estatutua “kohesio tresna” gisa ulertu eta defendatu behar dela.
Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldia egin du Bilbon. Ekonomia izan du gai nagusi, baina galderetan denetariko gaiak jorratu ditu, haien artean autogobernuarena egon da. Esan du 43 urte hauetan “estatutua ez betetzearen dinamika” nagusitu dela.