Skip to main content

Foro Sozialak Lasa eta Zabalaren auziaren 40. urteurrena agenda instituzionalean txertatzea eskatu du

Politika

1983ko urriaren 15etik 16rako gauean Joxi Zabala eta Joxean Lasa gazteak bahitu zituzten Baionan. Horren harira, Foro Sozialak "egindako kaltea aitortzeko eta ordaina emateko urratsak ematea" eskatu du.

Horretarako, bi pauso eman behar direla nabarmendu du Foro Sozialak. Batetik, Espainiako Gobernuak eta gobernuko presidenteak, “eragindako kaltea aitortu behar” dute. Eta, bestetik, kasuaren balorazioa egin ondoren, “Eusko Jaurlaritzak kasu hori bere agenda instituzionalean sartzea eta kasuari zabalkunde pedagogikoa ematea”.

Foro Sozialak dioenez, helburua izango litzateke, alde batetik, "biktimen kategorizazioa gainditzen lagunduko duten urrats berriak lortzea" eta, bestetik, "familia horien eta haien erreparazioa bultzatzea".

Erakundeak azken hilabeteetan emandako “urratsak” aitortzen ditu, “Estatuaren biktimen egia, justizia eta erreparaziorako eskubidean”. Hala ere, azpimarratu du “asko dagoela egiteko biktima horiek oraindik jasaten duten tratamendu asimetrikoa gainditzeko”.

Hala, nabarmendu du torturatuei buruzko IVACen txostenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako legeak tresna egokiak direla horretarako.