"Justizia frantziarrarentzat lotsagarria izan beharko luke horrelakoak gertatzeak"

Inork ez zuen espero Parisko Dei Auzitegiko epaileak gaur hartu duen erabakia. 2002 eta 2005 artean ETAko kide izan zelakoan epaitu behar zuten Urrutikoetxea, "helburu terroristak dituen" gaizkile elkarteko kide izatea egotzita. Epaileak epaiketa bertan behera utzi du, eta instrukziora bidali du sumarioa.

Goikoetxeak berak Ekhi Erremundegi Berriako kazetariari adierazi dionez, gaurko epaiak "erakusten du areto honetan nola egin dituzten instrukzioak, zer nolako txapuzak egin dituzten". Zentzu horretan, nabarmendu du "lotsagarria" izan beharko lukeela frantses justiziarentzat horrelakoak gertatzeak, eta adierazi du bere abokatuari esker gelditu dela agerian hori guztia.

Instrukzioa hasieratik hasiko da beraz, eta horrez gain, nabarmendu du epaimahai buruaren epaia askoz ere urrunago doala: "Zalantzan jartzen du nere inplikazioa, esanaz bezela ez dagoela argi nola inplikatzen nauten". Ez daki zenbat iraun dezakeen prozesu horrek, baina hilabete batzuk behintzat baietz espero du: "Hori beren tenpusa da, ez nirea".

Gehitu du bere kontrako bi euroagindu onartuta daudela dagoeneko. Bata, herriko tabernekin zerikusia duena: "Diputatu garaian egin nituen bilkurengatik akusatzen naute, eta hori onartuta dago". Bestetik, Zaragozako dossierra delakoari egin dio erreferentzia: "Ni kartzelan egon nintzen 96tik 2000ra, eta Garzon epaileak ez zuen inondik inora ni inkulpatzeko aztarnik. Gero, 2001ean Guardia Zibilak berriz idatzi zuen, eta zerikusirik ez dudan zerbaitetaz inkulpatzen naute". Adierazi du ezin dutela espainiaratu "afera frantziar" horiek bukatu arte.