Skip to main content

Memoria egunaren aurkezpen ekitaldian, begirada etikoa eskatu du Iñigo Urkulluk

Politika

Aurtengo Memoriaren Eguna aitzakia hartuta, "Begiradak Euskadin memoriaren gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak" dokumentua aurkeztu dute gaur, sentsibilitate ezberdineko hiru biktimek eta EHUko eta Deustuko Unibertsitateko hiru historialarik "modu partekatuan" egin duten gogoeta. Egia, aitortza eta autokritika dira planteatzen dituzten zutabeetako batzuk.

Ondorioen bederatzi puntuetako lehenengoak “ahaztu gabeko etorkizunaren” beharra azpimarratzen du. Taldeko sei kideek onartu dute beste gatazka batzuetan “ahanztura juridikoa” eta “ahanztura publikoa” bezalako formulak nagusitu direla, baina uste dute “euskal gizarteak ez duela mugarik eta kontu berririk nahi”, baizik eta iraganari “parametro eraikitzaile eta inklusiboetatik” begiratu nahi diola.

Testua aurkeztu ostean, hitza hartu du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta begirada etikoaren garrantzia nabarmendu du. "Ez dugu ahaztu nahi, ez dugu ahaztu behar", esan du Urkulluk. Lehendakariak "memoriadun etorkizun" baten beharra defendatu du, eta azpimarratu du, autokritika balekoa izateko, "zintzoa eta kontsekuentea" izan behar duela.

Biktima eta historialariren dokumentuak ohar bat ere jasotzen du erakundeetako arduradunentzat:: “Espazio publikoan egiten diren hitzekin eta jarduerekin, elkarbizitza publikoari atxikitzen zaizkion balioen adibideak ematea” eskatzen die.