Skip to main content

Nafarroako Torturatuen Sareak tortura salatzeko konferentzia antolatu du

Politika

Nafarroako Torturatuen Sareak herritar guztiei irekitako hitzaldia antolatu du azaroaren 17an 18:30ean, Nafarroako Medikuen Elkartearen egoitzan. “Tortura, Nafarroatik Haratago” lelopean.

Asteazken honetan, prentsaurrekoa eman dute Nafarroan, bertan azaldu dutenez, konferentzia horretan gaian adituak diren estatu eta nazioarteko hizlariak egongo dira: Angel del Cura Anton, Olivier Peter, Helena Sola eta Santiago Bereziartua, besteak beste.

“Ezinbestekoa da torturak Nafarroan izan duen eragina zabaltzea eta gertatutakoaren berri ematea. 1960tik 2012ra bitarte arrazoi politikoengatik Estatuko segurtasun indarrek eragindako tratu txar eta torturak ikertzea ezinbestekoa da”, esan du elkarteko Jorge Txokarrok.

Ainara Gorostiagak, elkarteko kidea, argi utzi du haien helburua lurraldeko torturaren errealitateari buruzko argazki osoagoa sortzea dela: “Gizarteari eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegu gertatutakoa argitzea, hori baita praktika hau desagerrarazteko modurik eraginkorrena”.

Azaroaren 17rako konferentziaz gain, azaroaren 20an Santiago Bereziartuak, Argentinako Giza Eskubideen arloan adituak, Argentinan diktaduran jasandako torturaren inguruko hitzaldia emango du Iruñean.