
Txomin Aiartza, Ernai: “X. urtemuga erabiltzen ari gara esateko borrokan ari garela herriz herri eta auzoz auzo”
Ernai gazte antolakundeak hamar urte bete ditu, eta urte hauetako ibilbideaz hitz egin dugu Txomin Aiartza antolakundeko kidearekin. Aiartzaren esanetan, “itsasgora eta itsasbehera” asko izan ditu antolakundeak, baina urte hauetako ibilbidearen hiru elementu azpimarratu ditu: “Gazte antolakundea Euskal Herrian irekitzen ari zen fase berrira egokitzen jakin izana, Euskal Herriaren eraikuntzan egindako ekarpena, eta gazteriari eta oro har gazte mugimenduei egindako ekarpena”.
Era berean, adierazi du gazte antolakundearen erronka nagusia izango dela “nazio iruditegia eta nazio gatazka azaleratzea”, eta gazteria murgilduta dagoen “belaunaldi krisiari” aurre egitea.
Aiartzak azpimarratu du X. urtemuga erabiltzen ari direla esateko “borrokan” ari direla herriz herri eta auzoz auzo, eta nabarmendu du Elorrioko topagunea izango dela milaka gazteren “konpromisoaren, gazte boterearen eta gaitasunen erakusleiho”.