Skip to main content
bannerra

Euskararen arnasguneen garapenerako jauzia, urriaren 10ean, Azpeitian

Euskararen arnasguneen garapenerako jauzia, urriaren 10ean, Azpeitian

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk elkarlanean antolatu dute Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera jardunaldia. Urriaren 10ean egingo da, Azpeitiko San Agustin kulturgunean. Laugarren aldiz egingo da jardunaldia, eta oraingoan, euskararen arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dituzte.

Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak zeharkakotasunez lantzen dituen politiken artean dagoela hizkuntzarena, eta estrategikoa deritzo Gipuzkoan euskararen eta herrien garapena lotzeari.

Aurrez egindako jardunaldiek emaitza praktikoak eskaini dituztela uste du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, eta, laugarrenarekin bide bera egin nahi dute hizkuntzaren jasangarritasunean.

Jardunaldiek, orain arte, hizkuntza politikarako neurri praktikoak proposatzeko aukera eman dutela iruditzen zaio Josu Labaka UEMAko lehendakariari eta urriaren 10ean egingo denak jauzi kualitatiboa emateko balio beharko lukeela uste du.

Azpeitiko Udalak ere parte hartu du jardunaldien antolaketan. Eneko Etxeberria alkateak aitortza gisa ulertzen du jardunaldia herri horretan egiteko aukera, eta udalak lantzen dituen bi lan ildoekin lotura duela esan du.

Esan bezala, jardunaldia urriaren 10ean izango da, Azpeitiko San Agustin kulturgunean: 08:30ean harrerarekin hasi eta 18:15ean ondorioen irakurketarekin amaituko da. Tartean, hainbat hitzaldi eta mahai inguru antolatu dituzte.


 
bannerra

bannerra