Skip to main content
bannerra

Gurean Gaur

Aske utzi dute CDRetako kidea, "terrorismo" eta "sedizio" delituen akusazioak baztertuta

2018-04-12

Auzitegi Nazionalak baldintzapean utzi du aske Tamara Carrasco CDRetako ekintzailea. Epaileak baztertu egin du errepide mozketak eta ordainlekuak irekitzeko ekintzak sustatzea egotzita Fiskaltzak haren gain jarritako terrorismo eta sedizio delituen akusazioa, eta desordena publikoarengatik soilik epaituko dute.

Testuinguru honetan elkarrizketatu du Saioa Baleztena berriemaileak Isa Garnika, Bartzelonako Gracia auzoan bizi den CRDetako kide nafarra.

Lur azpitik-lur azalera, Ezkabako presoen oroimena berreskuratzen duen erakusketa

2018-04-12

Memoria historikoa berreskuratzeko helburua dauka Txinparta eta Aranzadi Zientzia Elkartearen elkarlanaren bidez osatutako erakusketak. Estatuko zenbait tokitan izan da ikusgai dagoeneko. Joan den astetik eta apirilaren 20ra bitarte, Iruñeko Mendillorrin bisita daiteke; ondoren, Nafarroako Parlamentura eramanen dute. Esposaketak Ezkaban lurrazpian aurkitutako presoen inguruko dokumentu eta bestelako arrastoak biltzen ditu. Memoria historikoarekin lotuta ere, gaurkoan Iruñeko Udalak oroimen plaka bat ezarri du hilerrian gerra zibilean eraildako iruindarrak gogoratzeko.

 

Ajoarrieroa saio berria

2018-04-12

Saio berria estreinatuko dugu Hamaika Telebistan, “Ajoarrieroa”. Anabel Arraizaren gidaritzapean, astero gonbidatu berezi bat izanen da gurean. Kirolariak, aktoreak, politikariak, abeslariak… guztiak nafarrak. Sukaldatzeko aitzakiarekin, pertsonaia bakoitza bere zereginetatik atera eta gertuagotik ezagutuko ditugu Anabel Arraizaren eskutik. Besteak beste, Oier Sanjurjo, Iñaki Perurena, Haizea Zamora, Pello Reparaz eta Zuriñe Hidalgo izanen dira. Igandero gaueko 9etan ikusgai izanen da. Lehengo saioa igandean, apirilaren 15ean, Hamaika Telebistan.

 

Erabaki politikoa epaituta, "eskarmentua" eman nahia salatu dute Errazkinek eta Intxaurrandietak

2018-04-12

Madrilgo Kontu Auzitegian deklaratu dute Ainhoa Intxaurrandietak eta Iñaki Errazkinek goizean. Intxaurrandieta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko presidente ohiari eta Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohiari 46 eta 100 milioi euro arteko eskaerak egin dizkiete, Zubietako erraustegiaren eraikuntza gelditzen saiatzeagatik.

Nafarroako Gobernua, Altsasukoen aldeko manifestazioarekin bat, eskubideen bermeagatik

2018-04-11

Nafarroako Gobernuak bat egin du parlamentuak Altsasuko gazteen mobilizazioaren alde onartutako adierazpenarekin, baita gehiengo sindikalak egindako aldarrikapenekin ere. Gobernuko bozeramaile Maria Solanak prentsa aurrean salatu du Altsasuko auzian hartutako erabaki judizialak neurriz kanpokoak izan direla, eta, hortaz, foru erkidegoko erakunde nagusi gisa larunbateko manifestazioan parte hartuko dutela, herritarren eskubideak bermatzeko beharra aldarrikatzeko.

Anarik jasoko du Adarra saria, euskal musikari egindako ekarpenagatik

2018-04-11

Anari Alberdik jasoko du Donostiako Udalak ematen duen Adarra saria, ekainaren 21ean. Mikel Laboa izan zen lehena sari hori jasotzen, 2014an. Sei urte baziren hila zela, eta Donostiako Udalak haren ibilbide oparoa saritu nahi izan zuen. Segidan etorri ziren Ruper Ordorika, Benito Lertxundi eta Fermin Muguruza, hurrenez hurren. Musikariaren ibilbideari ematen zaio Adarra saria, eta 21 urte badira Anari diskoak argia ikusi zuela. Horixe izan zuen bakarkako lehen lana.

Tabakalerako zuzendari Edurne Ormazabalek, Amaia Ispizua musika sustatzaileak eta Donostia Kulturako Musika ataleko zuzendari Esther Fernandino batzordeko kideek proposatu zuten haren izena, euskal musikari egin dion ekarpen begi-bistakoa nabarmentzeko.

 
bannerra

bannerra