Skip to main content

Gurean Gaur

Bizkaiko zaharren egoitzetako langileek zerbitzuaren pribatizazioa eta lan baldintza txarrak salatu dituzte

2019-05-21
Hirugarren adineko egoitzetako langileek elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren atarian zerbitzuaren pribatizazioa eta lan baldintza txarrak salatzeko. Erresidentzietan dagoen "pertsonal falta" eta kontratuen kalitate "eskasa" salatu du LABek. Jardunaldi partzialen eta behin-behinekotasun tasa altuak salatu dituzte. Bestalde, egoitzen %80aren kudeaketa pribatua duenez, sindikatuarentzat eskubide bat izan beharko litzatekeena, enpresa batzuen negozioa bilakatu dela adierazi dute.
Elkarrekin Podemosek bizilagunen eta langileen Donostia defendatuko duela adierazi du

2019-05-21
Aitzole Araneta Donostiako Elkarrekin Podemoseko alkategaiak Antiguo auzoan egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian nabarmendu dute hiria aurrera ateratzeko proposamena egin dutela. Herritarrak zaintzen dituen Donostia eraikiko dutela nabarmendu du Aranetak eta agindu du udal gobernuaren aurrekontuak igoko dituztela etxebizitzaren, berdintasunaren eta gizarte zerbitzuen alorretan inbertitzeko. Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusia den Lander Martinezek azaldu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak alderdi sozialista hipotekatu duela Eusko Alderdi jeltzalearekin aliatuz. Horrek, dezepzionatu egin duela azpimarratu du Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak. Elkarrekin Podemosek bizilagunen eta langileen Donostia defendatuko duela adierazi du.
Gipuzkoako diputaziora sartu dira zahar etxeetako langileak

2019-05-21
Beharginek hilabeteak daramatzate lan itunaren aldeko mobilizazioetan, iazko urritik. 5.000 langile inguru dira, gehienak emakumeak.LABek protesta hasi du foru aldundian, atarian eseri dira langile batzuk, eta kanpoan ere bildu dira babesa ematera. Diputazioaren egoitzan sartuaz batera, segurtasun zaindariak azalpenak eskatu dizkie: argazkirik eta zaratarik ez egiteko eskatu diete. Lurrean eserita jarraitu dute langileek, sirena eta txistu hotsa ateraz. Gaua pasatzeko ere prest daudela esan dute. Langileek hitzarmena nahi dute orain eta ez dira joango lortu arte. Mahai-negoziatzailea blokeatua dagoela gogorazi du LABek; ELAk, gehiengoa izanik, mahaia utzi baitzuen. Ertzainak ere agertu dira diputazioko atarira, protestako arduradunak identifikatu dituzte eta kazetarien lana oztopatu. Gaur hasi eta hilaren 25era arteko grebarako deia eginda dutela gogorarazi dute sindikatuko kideek, eta diputaziora sartzean egin duten urratsak ez duela atzera-bueltarik: ateratzen dituzten arte jarraitu nahi dute han.
Asanblada nazionalerako hauteskundeak aurreratzea proposatu du Madurok

2019-05-21
Asanblada Nazionalerako hauteskundeak aurreratzea proposatu du Nicolas Maduro gobernuko presidenteak. Oposizioak kontrolatze duen estatu mailako erakunde bakarar da, hain justu, asanblada nazionala. Duela urtebete presidentetzara eraman zuten hauteskundeen urteurrenean egin du iragarpena Madurok, garaipen hori ospatzeko jarraitzaileen aurrean egindako agerraldi batean.
Ukrainako Parlamentua desegin du Zelensky presidente izendatu berriak

2019-05-21
Ukrainako Parlamentua desegin du Volodimir Zelensky, Ukrainako presidente hautatu berriak. Zelensky, 41 urteko aktore eta orain politikoak, bozen %73,22arekin irabazi zituen Ukraniako hauteskundeak Joan den apirilean. Atzo hartu zuen kargua, eta bereala hartu zuen lehen erabaki esanguratsua. Presidente kargua hartzeko hitzaldian bertan parlamentua desegin zuen, eta jakinarazi zuen bi hilabetean legebiltzarrerako hauteskundeetara deituko duela. Orain arteko gobernuari dimisioa emateko ere eskatu zion, eta lehen ministroak, Defentsakoak eta zerbitzu sekretuetako buruak berehalakoan iragarri zuten kargua utziko dutela
Bolintxu Bizirik taldeak Super Sur saihesbideak izango duen inpaktu ekologikoa salatu du

2019-05-21
Obra honen eragina islatzeko txostena atera zuten proiektuaren egileek beraiek 2012an, non argi ikusi daitezkeen 28 eragin negatibo. Bilboko elkartetik txosten honen analisia egin dute. Super Sur saihesbidearen egileek Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio txostena kaleratu zuten 2012an. Bertan ikusi daitezke obrak sortuko dizkion kalteak ekosistema, fauna, landaredi eta paisaiari. Lanak egiten diren bitartean neurri zuzentzaileak hartuta ere, adierazi dute, ez litzatekeela Bolintxu babestuko. Adibidez, hasiera batean 11 eragin izango zirenak 4 izatera pasatuko lirateke neurriak hartuz gero. Hala ere, salatu nahi izan dute txostenean ez dela adierazten ekosistemari zenbat denbora kostatuko litzaiokeen lehengoratzen. Esan dute, txostena irakurrita ez dutela ulertzen nola eman zaion baiezkoa obra egiteari.
 
bannerra

bannerra