Skip to main content
bannerra

Gurean Gaur

Bi lagun atxilotu dituzte Venezuelan sistema elektrikoa boikoteatzea egotzita

2019-03-12
Estatu Batuek Venezuelan duten ordezkaritza diplomatikoa bere osotasunean lurraldetik ateratzeko erabakia hartu du Washingtonek. Astea amaitu aurretik itzuliko dira Caracasko enbaxadan lan egiten duten ipar amerikar guztiak. Mike Ponpeo estatu idazkariak adierazi duenez, Venezuelako egoera etengabe ari da okerrera egiten, eta horregatik hartu dute enbaxada husteko erabakia. Are gehiago, atzerri gaietarako arduradun estatubatuarrak adierazi du Washingtonek Caracasen ordezkaritza diplomatikoa izatea Trumpen gobernuak bideratu asmo dituen politikekin talka egiten zuela. Bitartean, bi lagun atxilotu dituztela iragarri du Nicolas Maduro presidenteak, herrialdeko sistema elektrikoa boikoteatzen saiatu direlakoan. Telebista bidez eskeinitako diskurtsoan, Estatu Batuei eta oposizioari egotzi die Madurok sistema elektrikoaren aurkako erasoa. Joan den ostegunetik hasita, korronte elektrikoarekin arazo larriak izan dituzte lurraldearen gehiengoak. Elektrizitate faltak hildakoak ere eragin ditu ospitaleetan. Maduroren arabera, eraso hori egin ahal izateko beharrezkoa den teknologia Estatu batuek bakarrik izango lukete eskura.
Gaur bozkatuko du Westminsterrek Brexitari buruzko behin betiko akordioa

2019-03-12
Gaur iluntzean egingo du parlamentu britainiarrak behin betikoa izan beharko lukeen Brexitaren planari buruzko bozketa. Plana otsailean parlamentuak baztertu zuen berbera da, baina bi ezberdintasun nabarmen izango ditu gaurko bozketak. Alde batetik, Irlandako aferari buruzko salbaguarda behin behinekoa bakarrik izango dela bermatzen duen akordioa erdietsi du Theresa May lehen ministroak Jean Claude Junquer Europako Batzordeko presidentearekin. Bestetik, martxoaren 29an irten behar du Britainia Handiak Batasunetik, eta parlamentuak gaur plan hau baztertuko balu inoiz baino gertuago egon liteke akordiorik gabeko Brexit gogor bat gauzatzeko aukera. Londrestik, Mayk azpimarratu du azken akordio horrek Westminsterrek aurreko bozketan egindako eskariak betetzen dituela. Bruselatik, Junquerrek ziurtatu du Batasunak ez diola Britainia Handiari hirugarren aukerarik emango.
Itunpeko Hezkuntzako irakasleek manifestazioa egin dute Bilbon

2019-03-12
Ikasturteko 15. greba eguna izan da hitzarmen berriaren alde eta jarraipen handia izan du irakasleen aldetik, Naiz hedabidearen arabera %60koa. Administrazioaren aldetik ez dago hitzarmenaren proposamen berririk, ondorio berririk ez da atera sindikatuek Eskola Kristauarekin izan dituzten bileretatik. Steilas-ek adierazi du, Kristau Eskolaren 7 proposamenak 2018ko azaroan egindako proposamenaren ekarpen edo xehetasunak direla. Langileek gaurkoan beren aldarriekin jarraitu dute. Azaldu dute ardura daukatenek ez dutela inolako neurri zehatzik hartzen gatazka bideratze aldera.
Navarplumako langileek greba irabazi eta enpresa hitzarmena lortu dute

2019-03-12
Navarplumako langileek 41 egunetako etengabeko grebaren ondoren lan hitzarmena lortu dute. Enpresa batzordeko gehiengoa duen ELA sindikatuak langileen batasuna azpimarratu du.
Osasunak lidergoari eutsi dio Malaga mendean hartuta La Rosaledan

2019-03-12
Malagan irabazita bigarren mailako lehenengo postuari eutsi dio Osasunak. Azken zortzi partiduetatik zazpi irabazi dituzte Gorritxoek eta lehenengo mailara zuzenean igotzeko postuetan finkatu dira, hirugarren sailkatuarekin 7 puntuko aldea lortuta. Malagan markagailua irauli behar izan zuten, lehenengo zaian andaluziarrak nagusi izan baitziren eta 1-0eko emaitza eraman zuten aldageletara. Ruben Garcíak eta Juan Villarrek eman zioten buelta emaitzari.
Hirugarren itxialdia hasi dute gaur lanbide heziketako irakasleek

2019-03-12
2007ko errege dekretua aurreko urtean aplikatzeak bere lan baldintzak aldatzea ekarri du. Honen aurrean irtenbiderik ematen ez zaiela ikusita hasi dute protesta.Urtarrilean egin zuten lehen itxialdia Mendizabala ikastetxean, Gasteizen arlo honetako Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat irakaslek. 3 astez egon ziren itxialdian. Handik Gipuzkoakoak batu zitzaizkien eta gaur Bizkaiko irakasleek egin dute bat, astero herrialde batean egingo dituzte itxialdiak. Eskatzen dutena da zerredetan dauden lizentziaturadun irakasleen eskubide berdina izatea. Oposaketetara presentatzeko aukera eta lan finko baterako aukera izatea. Bi bilera egin dituzte Hezkuntza Delegaritzarekin akordio batera heldu gabe, hirugarrena daukate orain. Adierazi dute, ikasleei ez diela eragingo eta klaseak berdin berdin emango dituztela.
 
bannerra

bannerra