Skip to main content
bannerra

Azken bideoak: Politika

bideoa prestatzen
Familia eta lagunek, lekuko gisa deklaratu duen Iñaki Larrea "Ugarteko" ertzain-burua inputatzea eskatu dute

2018-10-24
Iñigo Cabacas-en kasuko epaiketan, lekukoek deklaratzen jarraitzen dute. Gaurkoan, Iñaki Larrea "Ugarteko" ertzain-buruaren txanda izan da. Maria Diaz de Haro kalean "guztiarekin sartzeko" agindu izana aitortu du, baina gomazko pilotak erabiltzea agindu izana ukatu du. Kanpoan, senide eta lagunek antolatutako elkarretaratzea, Larrearen inputazioa eskatzeko.
bideoa prestatzen
EH Bilduk aurrekontuak adosteko aukera ikusten du eta Elkarrekin Podemosek hasierako eskaerei eusten die

2018-10-24

EH Bildu koalizioak aukerak ikusten ditu Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortu eta 2019ko aurrekontuari bide emateko. Elkarrekin Podemosen iritziz, ordea, aurrekontuetan egin daitekeen edozein aldaketa onartzea ez da ezkerreko alderdi batek izan behar lukeen jarrera.

Leire Pinedo legebiltzarkidearen hitzetan, EH Bilduk aurrekontuetarako pentsioez eta enpleguaz egindako proposamenak onartzeko borondate politikoa soilik behar da. Pinedok berretsi du EH Bilduko legebiltzarkide taldea prest dagoela bi abstentziorekin aurrekontuak aurrera ateratzen uzteko, beti ere, pentsiodunek, emakumeek eta gazteek kalean plazaratutako beharrak aurrekontuen bidez aseko direla bermatzen bada.

Eusko Jaurlaritzak 11.784,1 milioi euro gastatzea aurreikusi du 2019. urterako aurrekontu proiektuan. 371 milioi eurora mugatu du Jaurlaritzak datorren urterako gastu hazkundea. Zorpetze gastua eta AHTren diru saila kenduta, beraz, aurten baino %3,6 diru gehiago izango du eskura politika propioak garatzeko. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak zero defizita duen kontu proiektua aurkeztu du, eta ohartarazi du ez dela posible izango gehiago gastatzea, gastu araua urratuko lukeelako.

Hazkunde horren zati handi bat langile eta funtzionamendu gastuetarako erabiliko da, aurten baino 205 milioi gehiago bideratzea jaso du proiektuak. Besteak beste, langile publikoei eskaini zaien soldata igoera sartuko litzateke igoera horretan. Halaber, Inbertsio publiko propioa %7,4 igoko dela nabarmendu du sailburuak. Azpiazuren hitzetan, horiek dira aurrekontuen gakoak: inbertsio publikoak eta izaera soziala.

Aurrekontu esparru horrek definituko ditu kontuak aurrera ateratzeko oposizioarekin egin beharreko negoziazioak. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos proposamen zehatzak lantzen ari dira, eta agiri bana helarazi diote Ogasun Sailari. PPk lehen bilera sorta egin du Azpiazurekin, baina ez du igorri dokumenturik.

Elkarrekin Podemosei dagokionez, bidalitako lehen proposamenak gastu hazkunde oso handia zekarrela gogoratu du Ogasun salburuak. Elkarrekin Podemosen izenean, ordea, Julen Bollainek esan du haien eskaerak bere horretan mantentzen direla.

bideoa prestatzen
Euskal presoek Frantzian betetako zigor urteak Espainiak aintzat ez hartzea ontzat jo du Estrasburgok

2018-10-23

Estrasburgoko Auzitegiak ezustekoa eman du: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ontzat jo baitu euskal presoek Frantzian betetako zigor urteak Espainiak aintzat hartu ez izana.

Hala, epaileek erabaki dute Espainiak ez duela urratu askatasunerako eskubidea, ezta indarrean dagoen araudirik gabe zigortua ez izateko eskubidea ere; bai, ordea, bidezko prozesu judizial bat izatekoa. Iker Urbinaren hitzetan, ez da, inondik inora, presoen abokatuek espero zutena.

Estrasburgoko Auzitegiko areto nagusian helegitea jar dezakete, eta era berean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegira jo. Aukera hori, ez legoke zuzenki abokatuen esku: epaile batek ala Europako Batasuneko batzorde batek egin beharko luke. Hirugarren aukera bat ere bada, Espainiak legea erreformatzea.

Ebazpenak erreakzio soka eragin du, besteak beste, Sare Herritarraren izenean, Inaxio Oiartzabalek arduratuta hitz egin du. Presoek jasaten duten egoera konpondu ordez, areagotu egiten duelako ebazpenak.

bideoa prestatzen
Estrasburgoko Auzitegiak ontzat jo du Espainiak euskal presoen zigorrak ez metatzea

2018-10-23
Epaileek erabaki dute Espainiak ez duela urratu askatasunerako eskubidea eta indarrean dagoen araudirik gabe zigortua ez izateko eskubidea; bai, ordea, bidezko prozesu judizial bat izatekoa.
bideoa prestatzen
11.784,1 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Jaurlaritzak 2019rako, aurten baino %3,6 handiagoa

2018-10-23

Eusko Jaurlaritzak 11.784,1 milioi euro gastatzea aurreikusi du 2019. urterako aurrekontu proiektuan. 371 milioi eurora mugatu du Jaurlaritzak datorren urterako gastu hazkundea. Zorpetze gastua eta AHTren diru saila kenduta, beraz, aurten baino %3,6 diru gehiago izango du eskura politika propioak garatzeko.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak zero defizita duen kontu proiektua aurkeztu du, eta ohartarazi du ez dela posible izango gehiago gastatzea, gastu araua urratuko lukeelako. Hazkunde horren zati handi bat langile eta funtzionamendu gastuetarako erabiliko da, aurten baino 205 milioi gehiago bideratzea jaso du proiektuak. Besteak beste, langile publikoei eskaini zaien soldata igoera sartuko litzateke igoera horretan. Halaber, Inbertsio publiko propioa %7,4 igoko dela nabarmendu du sailburuak. Azpiazuren hitzetan, horiek dira aurrekontuen gakoak: inbertsio publikoak eta izaera soziala.

Aurrekontu esparru horrek definituko ditu kontuak aurrera ateratzeko oposizioarekin egin beharreko negoziazioak. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos proposamen zehatzak lantzen ari dira, eta agiri bana helarazi diote Ogasun Sailari. PPk lehen bilera sorta egin du Azpiazurekin, baina ez du igorri dokumenturik.

EH Bilduk 420 milioi euroko akordioa eskaini du, aurrekontuak onartzeko bi abstentzioren truke. Diru horretatik 70 milioi euro enplegu planak eta ekintzak finantzatzeko erabiliko lirateke. Zatirik handiena, berriz, 350 milioi eurokoa, pentsiorik txikienak osatzeko. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearen hitzetan, proposamen bideragarria da koalizioak mahai gainean jarritakoa eta jeltzaleek eta sozialistek ere hala adierazi omen diete. Beraz, borondate politikoa soilik falta dela iruditzen zaio.

Azpiazuk zalantzak agertu ditu pentsioak osatzeko aukerari buruz. Sailburuaren ustez, EAEk daukan "eskumen esparrutik kanpo" daude pentsioak, eta Espainiako Kongresuan negoziatu beharko litzateke horien igoera. Hori da, hain justu, aste hasieran, EBBko presidente Andoni Ortuzarrek gogorarazi duena.

Elkarrekin Podemosei dagokionez, bidali zuten lehen proposamenak gastu hazkunde oso handia zekarrela gogoratu du Ogasun salburuak. Hain justu, Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasek Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurekin egindako bileraren biharamunean. Espainiako Estatuko egoeraz egin zuten bileran, besteak beste, Espainiako aurrekontuen onarpena ere izan zuten hizpide. Iglesiasek, edonola ere, argi utzi du Madrilgo kontuek ez dutela EAEkoekin loturarik, eta Elkarrekin Podemosi dagokiola azken horien inguruko erabakia.

Hala ere, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Lander Martinezen azken adierazpenetan "norabide aldaketa" sumatu du. PPk bere burua urrundu du akordiotik, baina Azpiazuk ez du bide hori bukatutzat eman nahi eta asmoa du popularrekin berriro biltzeko. Haren ustez, aurrekontu onak direlako eta onartzea mesedegarria izango delako.

bideoa prestatzen
Bateko eta besteko desadostasunak, Espainiako aurrekontuez aritzeko Iglesias Urkullurekin bildu izanaz

2018-10-22

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiarekin bildu da, Espainiako Estatuko egoeraz hitz egin eta aurrekontuen gaiaz zein Kataluniako egoeraz aritzeko.

Izan ere Podemosek lortu du akordioa Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin 2019ko aurrekontuak aurrera ateratzeko, baina diputatuen kongresuan babes handiagoa behar dute, besteak beste, alderdi subiranista katalanenak eta EAJrenak.

Ba Aitor Esteban Espainiako kongresuko diputatu jeltzaleak esan du Iglesiasek badakiela aurrekontuez EAJrekin negoziatu behar duela, eta ez lehendakaritzarekin.

Jeltzaleek 2019ko Espainiako aurrekontuez izango duten jarrera, berriz, Madrilek errespetatu egin beharko du 2018ko aurrekontuetarako jeltzaleekin egindako akordioa.

Iglesiasek Urkullurekin biltzeko hartutako erabakiarekin bereziki kritiko agertu dira popularrak. Pedro Sanchezen gobernuaren ordezkari izatea leporatu dio Amaya Fernandez PPren Euskadiko idazkari nagusiak. Eta ohartarazi du PSOEk eta Podemosek adostutako aurrekontuak kaltegarriak liratekeela EAErako.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, berriz, EAEko aurrekontuez hitz egiteko koalizioarekin bildu ez den bitartean, Iglesiasekin biltzeko prest egoteagatik kritikatu du Urkullu.